17 banketxeren kontra egin dute aurtengo lan istripuetan izandako 17 heriotza salatzeko

uriola.eus 2016ko api. 26a, 10:00

Goizeko lehen orduan Bilboko 17 kutxazainetan "Hilketa 1 banketxe 1" zioten margoketak agertu dira. Ekintza honen bitartez, identifikatu gabeko gazte talde batek apirilaren 29an, 19:00etan Santurtziko Gernika parketik abiatuko den "prekarietatearen aurkako" martxan parte hartzera deitu du Bilboko gazteria osoa; eta Maiatzaren Lehenaren harira egingo diren ekintzetan parte hartzera ere.

Gazte talde batek komunikatu bidez azaldu duenez, Bilboko gazteria, gazte eta langile bezala, "etorkizuna irabazteko prest" dago. Baina etorkizun hori irabazte aldera eta haien "etsai guztiak gainditzeko", argi dute ezin dutela "etxean geratu". Ondorioz 17 banketxe euren "jo puntuan" jartzea ez dela kasualitatea mahaigaineratu dute. Hain zuzen ere, 17 dira aurten Euskal Herrian "patronalak erail dituen langileak" eta "ekintza hauek egiteko 11 arrazoi" dituztela diote.

"Zapaltzen" dituen "sistema kapitalista patriarkalak gazteria prekarietatean murgilduta" nahi eta behar duela salatu dute; eta prekarietate hori gazteen bizitzaren "arlo guztietan" azalaratzen dela: kontratu gabeko lanak, langabezia, ikasketa merkantilizatuak, ezkutuko lanen feminizazioa edota gurasoen etxetik alde egin ezina, besteak beste.

Guzti horren aurrean, "zapalkuntzatik askatzeko giltza euren esku" dagoela jakin badakite eta beraz, erasoen aurrean "inguruan dauden baliabide guztiekin tinko erantzungo" dutela aldarrikatu dute.

Gauzak horrela, apirilaren 29an, 19:00etan, Santurtziko Gernika Parketik "Etorkizuna eraikitzeko prekarietatea eta kapitala suntsitu!" lelopean abiatuko den manifestazioan parte hartzera deitu dute; eta gauean zein hilaren 30an ACBn egingo diren kanpaldi eta ekintzetara gerturatzea ere. Bukatzeko, Maiatzaren Lehenari begira, mobilizazio eta ekimen guztietara hurbiltzea gogorarazi diote gazteriari.