Karrikan plataforma kaleko arte eszenikoen euskal ekoizpena lagundu eta bultzatzearen alde

uriola.eus 2016ko api. 26a, 09:30

Bilboko Udalak, Gasteizkoak, Iruñeakoak, Zarautzekoak eta Hendaiakoak, Errobiko Mankomunitateak (Lapurdi) eta Nafarroako Quiero Teatro antzerki sustatzaileak euren indarrak elkartu dituzte, Karrikan plataforma eratzeko, Pirinioen bi aldeetan kaleko arte eszenikoen sorkuntza lanak bultzatzeko eta laguntzeko.

Laguntza ekonomikoa eta teknikoa jasotzeaz gain, 2017an sustatzaileek antolatzen dituzten jaialdi handi guztietan programatuko den proiektu bat aukeratzeko konpromisoa hartu dute plataformako kideei.

Izan ere, Karrikan plataformaren xedea, sorkuntzari laguntzea eta Euskal Herrian kaleko arteetan gero eta indar gehiago hartzen ari diren artisten ezagutza bultzatzea da, zazpi lurraldeetako edozeinetan instalatuta dauden, profesional izanik edo profesional izateko bidean egonik espazio publikoan jarduten duten taldeen, artisten edo konpainien jatorrizko sorkuntza lanak bultzatuz. Horrela, zuzeneko ikuskizuna lantzen duten diziplina guztiak onartuko dira: antzerkia, dantza, zirkua, diziplina anitzeko ikuskizunak, etab. Hala ere, lehentasuna izango dute testurik ez duten edo euskarazko testua duten proiektuek eta formatu txiki edo ertainekoek.

Karrikaneko kideek konpromisoa hartzen dute aukeratutako proiektua modu orokorrean bultzatzeko, hau da, laguntza ekonomikoa emanez, sorkuntzarako egoitzak eskainiz, arte, teknika eta administrazio laguntza emanez –konpainiaren beharren arabera– eta, azkenik, sustatzaileek euren hirietan antolatzen dituzten kaleko arte jaialdi bakoitzean gutxienez proiektuaren emanaldi bat programatuz. Bilboko Kalealdiaz gain, gainerako jaialdiak hauek dira: Hendaiako Mai du theatre, Gasteizko KaldeArte, Zarautzeko Kalerki, Iruñeko udako programazioa eta Abian! Errobiko mankomunitatean.

Proposamen eszenikoak aurkezteko epea maiatzaren 2tik ekainaren 18ra egongo da zabalik. Informazio guztia www.karrikan.eu webgunean dago eskuragarri.