Goizean goiz hasita, zirkua, magia eta malabareak nagusi izango dira Domi Circo-ren eskutik, Kalez kale programaren baitan. Ekitaldia Maiatzaren Biko kaletik Lamana kalera joango da. Geroxeago, Pikara Magazineko kideek olerki errezitaldia antolatu du Lamana kalean, euren lokalaren aurrean, Hernaniko bidegurutzetik gertu.
12:30ean, Sökolé afrikar dantza eta perkusio taldeak saioa eskainiko du Maiatzaren Biko kalean bertan. Horren ostean, giro musikatuarekin jarraituko du egunak txalaparta eta elektronika musika fusionatzen duen Txalaparty taldearekin, General Castillo kalean.
Eguerdian, antolatzaileek “eguneko saio nagusi” modura azaldu du hiruna kontzerturekin. Lehenengoa 14:00etan izango da, The Maka Groovies taldearen ikuskizunarekin Kremlin Aretoan eta ostean, ordu erdi beranduago Silvia Penide kantautorak Pikara Magazineren aretoan kantatuko du. Azkenik, General Castillon jarriko den eszenatokian Mud Candies musika talde bilbotarrak kontzertua eskainiko du 15:00etan.
Arratsaldean ez dira ekintzak faltatuko, izan ere, 'Mimiloco'k musika pintxatuko du 16:00etatik aurrera, ondoren Panorama Djs-ek Old School estiloan biniloekin solasean arituko da denbora luzez 17:30ean hasita. 19:00etan, Kremlin aretoak Her Golden Whip kontzertua eskainiko du eta dantzan aritzeko gogoarekin geratu den jendearentzat Camaleon klubean jarraituko du jaiak 20:30etatik aurrera.