Bilboko Udal Musika bandako musikari profesionalak, Bilboko Kontserbatorioko ikasle azpimagarriekin batera arituko dira Sarriko musika zentroko Auditorioan lehenengo aldiz. Lehenengo kontzertu honen sarrera doako izango da eta 19:30ean izango du hasiera. Zuzendaria José Rafael Pascual Vilaplana Bandako zuzendari titularra izango da, eta Kontserbatorioaren Auditorioan eskainiko da.
Bestalde, Musikeneko talentu gazteen kontzertu zikloari amaiera emago diote bihar kantu errezitaldi batekin Bilboko Udal Musika Eskolan. Ahotsean, Armelle Morvan eta pianoan Alvaro Corral arituko dira, arratsaldeko 19:00etatik aurrera.
Egunarekin bukatzeko, 19:30ean, Alde Zaharreko Hika Ateneoak Bilboko Udal Musika Eskolaren Moderno Sailaren ikasleen eskutik Jam Session berri bat jasoko du.
Kontzertu berezia, musika bandaren eskutik
Jose R. Pascual Villaplanak ohartarazi bezala,lehenengo partea, XIX. mendeko haize ensemblerako lan handietako batekin hasiko da, Charles Gounoden (1818-1893) `Petite Symphonie’. Lan horretan, XVIII. mendeko Harmoniemusikek, bi oboek, bi klarinetek, bi tronpak eta bi fagotek osatutako haize zortzikote klasikoarekin duen tradizioa jasotzen da, eta zortzikote horri txirua gehitzen zaio, garai hartan Pariseko Société de Musique de la Chambre pour Instruments à Vent izenekoaren presidente zen Paul Taffanelen (1844-1908) agindua izan baitzen. Hiri horretan estreinatu zen sinfonia txiki-handi hori, Pleyel areto ezagunean, 1885eko apirilaren 30ean.
Horren ondoren, Óscar Navarro Alicanteko konposatzailearen `II Concierto para Clarinete´ etorriko da. Hamargarren urteurrena ari da betetzen konposatzaile gisa. Lan hori Valentziako Musika Institutuaren aginduz idatzi zuen, eta José Franch Ballester klarinete jole ospetsuari eskainita dago. Hasiera batean orkestrarako pentsatu bazen ere, konposatzaileak berak bandarako bertsio hau egin zuen. Ondo bereizten diren hiru sekzioetan, formaren aldetik batasun handia erakusten duen lan eklektikoa aurkituko dugu, musika-tresna bakarlarirako baliabide adierazkorrez beteta. Oraingo honetan, Bilboko Kontserbatorioko ikasle ohi bat, David Salinas klarinete jolea, bakarlari gisa arituko da.
Bigarren partean, beste musika-tresna ensemble lan mitiko bat entzungo dugu: Joaquín Rodrigo maisu hilezkorraren (1901-1999) `Adagio for Wind Instruments´. Lan hori Robert Boudreau (1927) maisu amerikarraren, American Wind Symphony Orchestraren sortzaile eta zuzendariaren, agindua izan zen. Talde hori 1957tik antolatzen da Pittsburgen Estatu Batuetako orkestra sinfoniko handietako haize bakarlariekin. 400 lan baino gehiago idazteko agindua eman die mundu osoko konposatzaile ospetsuenei. Rodrigo maisuaren adagio horretan, bere Aranjuezeko Kontzertu ospetsuaren funtsa islatzea eskatu zitzaion, eta garai guztietako haize musika-tresnetarako musika lan ospetsuenetakoa bilakatu zen berehala. Kontzertua, XX. mendean bandarako idatzitako errepertorio klasikoko lan batekin amaituko da, Paul Hindemithen (1895-1963) `Symphony in B flat´. Lana Hugh Curry Maiorraren aginduz idatzi zen, U.S. Army Band izenekoak jo zezan. Talde horrek estreinatu zuen 1951ko apirilaren 5ean Washington D.C.-n. Partitura hori egiteko moduak argi eta garbi erakusten du maisu alemanaren sorkuntza eta artisautza lan bikaina. Lan horrekin, XX. mendean bandek izan duten bilakaeraren orrialde garrantzitsuenetako bat osatzen lagundu du.