'Aundiya' filmak 1866ko Londres bihurtu du Bilbo

uriola.eus 2016ko api. 27a, 16:16

'Aundiya' filmaren errodajea

Duela aste bi ekin zioten Aundiya filmaren grabazioari, eta zortzi astez, Euskal Herriko hainbat lokalizaziotan jardungo dira. Gaur, Bilboko Zabalgunean egon dira aktore eta tekniko ugari lanean, gezurretako elur eta guzti, lau eszena grabatzen. 

Elurra eta duela 150 urteko jantziak soinean zituzten pertsonak ikusi dituzte gaur goizean Kale Nagusian, foru jauregiaren ondotik pasa diren lagunek. Bertan ibili da Aundiya filmeko lantaldea Diputazio kale inguruari 1866 urteko Lodreseko itxura eman nahian, Altzoko Aundiya ezizenez ezaguna zen Miguel Joaquin Eleizegi Londresera iritsi zen unea irudikatu asmoz. 

Londresera joan ordez, XIX. mendeko eraikin ugari bere horretan mantentzen dituelako hautatu du lantaldeak Bilbo errodajerako. Sinesgarri egiteko, Diputazio kalean zenbait aldaketa burutu dituzte. Besteak beste, inguruko farolak kendu dituzte eta zorura harea bota dute. Eta elurra, elur faltsu ugari botatzen jardun da hainbat denbora makina bat Londreseko negua irudikatzeko. Gaur kendu, aldatu edota erantsi ez dutena aurrerago, filmaren edizio fasean, digitalki egingo dute.

Loreak eta 80 Egunean filmak sortu zituen Moriarti ekoiztetxea dago Aundiya filmaren atzean. Eneko Sagardoyk antzezten duen protagonistaren ibilerak kontatuko ditu XIX. mendean kokaturiko istorioak: Altzoko Aundiya ezizenez ezaguna egin zen Miguel Joaquin Eleizegirenak. Bere gorpuzkera handi eta berezia zela eta, Espainia, Portugal, Frantzia eta Ingalaterrako Gorteetara eraman zuten Altzon jaiotako gizona, errege-erreginek ikus zezaten.

Duela bi mendeko istorio hori kontatu ahal izateko Moriarti ekoiztetxeko lantalde guztiak egiten duen lana goraipatu du Eneko Sagardoyk: jantziei, orrazkerei, tresneriari, zein berba egiteko moduari lotuta, aurre lanketa handia egin dute. “Bidaia oso interesgarria proposatzen du pelikulak: mundu zahar eta berriaren arteko talka gertatu zen garai hura eta orduko pentsaera ezagutzera garamatzana”, dio Sagardoyk. Gizarteko aldaketez dihardu filmak, esparru intimoagoan ere eragina izan zuten aldaketez.

Mitoaren eta errealitearen inguruko gogoeta ere badago filmean, protagonistak azaldu duenez: “Benetan gertaturiko istorioa da, baina informazio gutxi dagoenez egiaztatuta, mito izaera hartu du denboragaz”.

 

Iturria: Anboto

Argazkiak: @Aundiya