Antolatzaileek azaldu bezala, Bilboko Berreginen Museoaren bildumako piezak sakonago ezagutzeko aukera ematea da era honetako hitzaldien helburua. Hitzaldiak Villa Ariannako multzoan barrenako ibilbidea proposatzen du eta, hari esker, aldirietako erromatar villak nola egituratzen ziren ikusi ahal izango dute gerturatzen direnek, maila ekonomiko jasoko familien domus etxebizitza erromatar tipikoekin alderatuta.
Estabiako Villa Arianna XVIII. mendean induskatu zuen Karl Weber suitzar arkeologoak lehen aldiz. K.o. 79. urtean Vesuvio sumendiaren erupzioak hiria estali zuen, baina egoera ezin hobean kontserbatu ziren hango altxorrak. Besteak beste, beraz, 1757an hasitako indusketei buruzko xehetasunak emango dira hitzaldian. Izan ere, indusketa haietan, hainbat fresko aurkitu zituzten 1759an, kontserbazio egoera bikainean; horien artean, 'Estabiako lau emakumeak' deritzenenak. Kalitate goreneko piezak beren jatorrizko kokalekutik atera eta Portici hirira eraman zituzten, hango errege museoan kontserba zitzaten. Estabiako lau emakumeak Flora, Medea, Leda eta Diana gisa identifikatu izan dira, baina ez dago argi identifikazioa zuzena ote den.
Bi fresko horiek abiapuntu hartuta, erromatar pinturako Lau Estiloak deritzenen aurkezpena egingo da gaurko hitzaldian, 18:00etan Berreginen Museoan.