Diotenez, aurtengo Langileen Nazioarteko Eguna "inoiz baino gorriago dator", baita apirilaren 28a ere, Lan Osasunaren Eguna; hain zuzen ere, 50 langiletik gora hil baitziren 2015ean lan istripuetan eta aurten ere "patronalak eskuak odolez zipriztindurik" baititu. 2016an, lau hilabetetan, 16 langile hil direla salatu dute eta "heriotza horiek erabaki politikoa den prekarietateak eragin dituela".
Horretaz gain, "lantoki ezberdinetan bizi den prekarietatea" salatu eta haien eskubideen aldarrikapenak zabaltzea" ezinbestekoa delakoan daude; beraz, irtenbidea "sistemaren atzaparretatik" ihes egitea da haien aburuz: "bidean aurrera joan ahala ikasiz, akatsak eginez eta disfrutatuz. Egun bizi duguna baino ezer txarragorik ez baitugu sortuko".
Lan Osasunaren Egunaren eta Langileen Egunaren aurrean hainbat protesta deitu dituzte gazteriaren aldarrikapenak kalera ateratzeko asmoz. Gaur, apirilak 28, Unamuno plazan elkarretaratzea egingo dute 20:00etan; bihar, hilak 29, 19:00etan, Santurtziko Gernika Parketik "Etorkizuna eraikitzeko prekarietatea eta kapitala suntsitu!" lelopean manifestazioa abiatuko da; bukatzeko, igandean, maiatzak 1, 18.00etan Bilboko Euskadi Plazatik hasiko den manifestazioan, Bilboko herri mugimenduarekin batera, langile, herri sektore eta gazteen batasuna irudikatuko dute.