Bilboko auzoek 'Kultura Kalez Kale' kanpaina jasoko dute maiatzean eta ekainean

uriola.eus 2016ko api. 28a, 12:00

Kanpainak, beste proposamen batzuen artean, kaleko animazio eta arte eszenikoen Euskal Autonomi Erkidegoko kultur eskaintza deszentralizatu handiena jasoko du. Kanpainaren programazioan zirkua, clown erakusketa, magia, antzerkia, ipuin kontalariak, zinea aire zabalean, hitzaldiak, kontzertuak, kaleko bandek eskainiko duten musika animazioa eta bestelako kultur jarduerak jasoko dira, hiriko barruti guztietan.

Guztira 180 ikuskizun eta jarduera baino gehiago –guztiak ere dohainik– ikus-entzule guztientzat, eta gehienen ezaugarri komuna, kalearen erabilera. 

Ekimen horren helburua, kultur proposamenak auzoetara hurbiltzea, kaleak animatzea eta biztanleen partaidetza eta haiekin izan beharreko harreman zuzena sustatzea da. Horrez gain, aukera ematen zaie bertako musika eta antzerki taldeei, estatu eta nazioarte mailako beste proposamen batzuekin batera euren lanak jendearengana hurbiltzeko.

Eskaintza zabal hori Hiriko barruti guztietara zabalduko da, maiatzeko lehenengo astean hasita, XII. Magia Topaketak bezalako erreferentziazko programak martxan jartzean. Topaketa horietan hogei mago inguru, gehienak gero eta indar gehiago hartzen ari diren Estatu osoko, Frantziako eta Alemaniako magoak, ikus-entzule guztientzako ikuskizun anitzekin. Emanaldiak hilabete osoan luzatuko dira, Txurdinaga-Otxarkoaga barrutiko plazetan zein Otxarkoagako Udaltegian.

Maiatzaren 5etik aurrera Clown Zorrotzaren zazpigarren edizioa ospatuko da, Ferialekuko parkean, batez ere. Aurten ospe handiko bost konpainiak hartuko dute parte; Euskal Herriko hiruk, Itziar Saenz de Ojer, Trapu Zaharra eta Ekoma Teatro eta Dado clown kanadarra eta Kate & Pasi finlandiarrak. Udaberri honetan, baita ere, Bilbok Zirkualde, Hiriko Zirku Jaialdia, jasoko du, ekainean, Errekalde auzoan.

Folklorea

Horrez gain, hilabete hauetan hainbat jarduerarekin jarraituko du Dantza Plazetan egitasmoak, Bilbon tradizio gehien duen kultur ekimenetako batek, plaza eta bide publikoetan erromeria herrikoiak, dantza erakustaldiak eta kalejirak eskainiz euskal folklore herrikoia indartzeko helburuz.

Maiatzean, bertsolaritzan zentratutako Udaberriko Bertso Saioak programaren edizio berria hasiko da Santutxun, eta beste alde batetik, maiatzeko eta ekaineko ostiraletan eta larunbatetan, barruti guztietako hainbat leku estilo guztietako kaleko musika banden erritmoarekin beteko dituen Musikauzo ekimena izango dugu.

Fanfarre klasikoenaren soinuak eta animazioa Guretzat Fanfarria, Sugarri edo Ardoa Barrura taldeen eskutik helduko dira, eta estilo anitzetako beste batzuk ere izango ditugu, Orkestra Elektrotxaranga, Kuklux Band Fanfarria, Marmara Marching Band edo Molto Vivace, Txistulari Bandaren partaidetza ahaztu barik. Beste alde batetik, hirugarren urtez jarraian, ikus-entzuleek hainbat estilotako euskal musikariren talentuaz gozatu ahal izango dute, zuzeneko emanaldiz osatutako zikloan. Ziklo horretako emanaldiak Deustuko barrutiko hainbat agertokitan izango dira, ekainean, Euskarazko Musika Lehen(a) Barrutian programaren barruan. 

Kultura gehiago

Bi hilabete horietan hiriko barrutietan izango diren proposamen ugariez gain, Abandoko Udaltegiak 'Musika dibertigarria' kontzertu didaktikoen edizio berria jasoko du maiatzean, eta Zorrotzako Udaltegiak Zine Zorrotza egitaraua. Programa horretako saioetan, Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiaren – Zinebiren eta Bilboko Zinemaldi Fantastikoaren – FANTen azken edizioetako film labur hoberenen aukeraketa eskainiko da.

Horrez gain, Olabeagako Udaltegiak, dagoeneko ohikoa den aire libreko zine saioa jasoko du ekainaren 24an, FAS zine klubarekin lankidetzan. Oraingo honetan, Lara Izagirreren Un otoño sin Berlin lana eskainiko da. Aurkezpen ekitaldian taldeko kideren bat egongo da.

Berrikuntza gisa, programazioaren barruan, urrian izan beharrean aurten ekainean izango den BLV-ART egitaraua jasoko du Ibaiondo barrutiak, abangoardiako arte jarduerekin, Bilbo Zaharreko inguru guztian. Horrez gain, Kalez kale ekimenak familia osorako kaleko antzerkia eta zirkua programatu ditu, batez ere ikus-entzuleek ondo pasatzean espezializatuta dauden Cia Bare, Domi Circo, Panta Rhei edo Rojo Telon bezalako euskal konpainiekin.

Kultur programazio deszentralizatua urte osoan zehar gauzatzen da, baina jarduera gehienak udaberrian zentratzen dira, garai horretan aukera gehiago dagoelako kalea eszenatoki gisa erabiltzeko eta Bilboko auzoetako beste gune batzuetara proposamen interesgarriak eramateko. Horrela, Kalealdia Bilboko antzerki eta kaleko arteen jaialdia, ospatuko den uztailera bitartean, Bilboko barrutietan antzerkia, musika, zirkua, folklorea, abesbatzen kontzertuak, tailerrak… izango ditugu.

Programazio zabal hori hiritar guztiei ezagutarazteko, Kultura Sailak informazio guztia jasoko duten koadernotxoak argitaratuko ditu. Liburuxka horiek datorren astetik aurrera jaso ahal izango dira Barrutietako Udaltegietan. Horrez gain, ordutegiei, kokalekuei eta egunei buruzko informazio guztia: www.kulturabarrutik.net helbidean egongo da.