BesteBi plataformak 10 urte bete ditu etxegabekoak ikustarazten eta gizarte inklusiboa bultzatzen

uriola.eus 2016ko api. 29a, 09:45

Plataformaren 10. urteurrenean, kideek elkarretaratzea egin zuten atzo Bilboko zenbait zubietan hainbat pertsona bilduz, eta bide batez, euren komunikatua azaleratuz. Bertan, plataformaren ibilbidean hil diren 20 pertsonak omendu eta etxebizitza eskubidea aldarrikatu zuten, besteak beste. 

BesteBi plataformak elkarretaratzea deitu zuen atzo Bilboko zubi ezberdinak zeharkatzen, zubiak "elkartzeko baliabidea" dela aldarrizkatuz, ez "bizitzeko eraikuntza". Adierazitako hitzetan, plataformak argi ikusi zuen gizarte eredua "aldatu behar" dela, eta probreziaren kontra borroka egitea "beharrezkoa" dela. Gainera, jendeari inguruari begiratzeko modua aldatzea eskatu zioten manifestuan, bereziki gizarteko pertsona baztertuenei, etxerik gabeko jendeari alegia. 

Ibilbide luzea

Badira hamar urte bazterkeriaren kontra lan egiten zuten hainbat pertsona eta gizarte erakunde elkartu zirela "bestelako mundu bat" eraikitzeko asmoz. Lehenengo momentutik plataformak zenbait ardatz finkatu zituen; alde batetik, etxerik ez zuenaren bizi egoera ikustaraztea, oharkabean pasatzen ziren kaleko pertsonen heriotzak erakustea eta azkenik, salatzeko kanpainak koordinatu eta martxan jartzea. 

Honela, urteak pasa aurrera, "egoera aldatu ez dela" salatu zuen atzo plataformak eta ibilbide osoan hil diren etxerik gabeko 20 pertsonak omendu nahi izan zituen. BesteBi plataformak argi ikusten du etxebizitza eskubidea beharrezkoa dela, herritar guztientzat "egiazkoa izan behar du" ametsa izan beharko ez lukeen hura. Izan ere, "etxerik ez edukitzea bizitokia ez edukitza baino askoz gehiago baita".

Etxegabetasunaren kontra, BesteBik argi ikusi du "beharrezkoa" dela administrazioak eta arlo horretan diharduten gizarte eragileak elkarlanean aritzea, betiere etxerik gabeko pertsonen parte hartzeaz baliatuta. Horrekin, komunikabideengana ere jo du plataformak, "ikusezina ikusgarri" bihurtzea euren esku baitago, duintasun eta sentsibilitatean oinarriturik.