Bilbao Kirolakek udako lau campus antoltau ditu kirolaren praktika txikienen artean sustatzeko

uriola.eus 2016ko mai. 2a, 09:11

Txurdinaga, Artxanda, Deustu eta San Ignazioko udal kiroldegietan egingo dira 6 eta 18 urte bitarteko neska-mutilentzako campusak. Diziplina erritmikoa, dantza modernoa eta pala- eta erraketa-kirolak eskainiko dira.

Bilbao Kirolak, kirola sustatzeko udal erakundeak, udako zenbait campus antolatzen ditu kirolaren praktika ardatz izanik. 6 eta 18 urte bitarteko neska-mutikoentzako kirol diziplina erritmikoa, dantza modernoa eta pala- eta erraketa eskainiko dira.

Erritmikako udako campusa Txurdinagako kiroldegian eskainiko da, ekainaren 27tik uztailaren 1era eta uztailaren 5etik 8ra. Guztira 45 plaza izango dira eta 8 urtetik gorako gimnastek maila desberdinetako erritmikako klase bereziak izango dituzte; gero, beste jarduera osagarri batzuk izango dira, adibidez balleta, gorputzaren adierazpena eta dantza modernoa. Gainera, jarduera ludikoagoak ere eskainiko dira: igerilekua, jokoak eta swarovskiak jartzeko tailerrak, makillajea eta elastikoen diseinua.

Dantza modernoko udako campusa Artxandan eta Deustun egingo da. Artxandan 30 plaza eskainiko dira ekainaren 27tik uztailaren 1era, eta 8 urtetik gorako dantzariek dantza modernoa (komertziala, hip-hopa), balleta, gorputzaren adierazpena praktikatuko dute eta ariketa ludikoago batzuk egingo dituzte, adibidez jokoak eta jarduerak igerilekuan. Deustuko campusa uztailaren 11tik 15era egingo da eta, Artxandan bezala, dantza modernoaren estilo desberdinak praktikatu nahi duten 8 urtetik gorako neska-mutilentzat izango da.

Pala- eta erraketa-kiroletako udako campusa San Ignazioko udal kiroldegian egingo da. Ekainaren 27tik uztailaren 1era eta uztailaren 5etik 8ra, 6 eta 14 urte bitarteko umeek teniseko eta padeleko entrenamendu trinkoak egingo dituzte, hastapeneko mailan edo hobekuntza mailan (izena emateko eskabidean adierazi dutenaren arabera). Gainera, jarduera osagarriak egingo dituzte, esaterako frontenisa, badmintona, squasha, bai eta jarduera ludikoago batzuk ere, adibidez igerilekua edo zenbait jolas. Bilbao Kirolak erakundeak 40 plaza eskainiko ditu campus honetan: 10 plaza hastapeneko mailan 6-9 urte bitartekoentzat, 10 plaza 10-14 urte bitarteko neska-mutilentzat, 10 plaza hobekuntza mailan 6-9 urte bitartekoentzat, eta 10 plaza hobekuntza mailan 10 eta 14 urte bitartekoentzat.

Kiroletako lau campusetan izena emateko, Bilbao Kirolak erakundearen webgunera jo behar da: www.bilbaokirolak.com

Hauek dira prezioak: 

• Abonatuak, 5 egun: 74.50 € astean 

• Abonatuak ez direnak, 5 egun: 178,25 € astean

Jaiegunak dauzkaten asteetan (jarduerako 4 egun), hauek dira prezioak: 

• Abonatuak, 4 egun: 59,60 € astean (4 egun) 

• Abonatuak ez direnak, 4 egun: 142,60 € astean (4 egun).