Martxan da Let´s Jo!, Bilboko musika talde berriei laguntzeko programa

uriola.eus 2016ko mai. 2a, 16:15

15 eta 35 urte bitarteko kideek osatutako Bilboko musika-talde berriei Bilborockeko agertokian euren lanak eta musika zuzenean erakusteko aukera emateko 'Let´s Jo!' programa berria abian jarri du Udalak.

Ekimenak, musikaren munduan hasi berriak diren gazteei, bertako erreferentea den Bilborock aretoan joz jendaurrean esperientzia hartzeko aukera eskaini nahi die. Bilborcken entsegu-geletako taldeentzat maratoi bat egongo da, baita kontzertu bi ere. Kontzertuok ekainean eta abenduan izango dira eta aukeratutako lau banda gazte arituko dira erreferentziako banden aurretik.

Alde batetik, Let´s Jo! Rock Maratoia Bilborocken entsegu-geletan izango da, ostegunean, maiatzak 5, 20:00etatik aurrera. Bilborocken entsegu-gelen ohiko erabiltzaileak diren hamaika taldek aukera izango dute agertoki gainean zuzenean joz esperientzia hartzeko. Hauexek dira taldeak: Mirror of Truth, Masser, Niños Rata, Los Jaimones, Caelum, HCH, Falling with Siver, Likidillo de kontainer, Spaghetti y los westerns, Aguo eta Kathod.

Kontzertuak ekainean eta abenduan

Beste alde batetik, ekainean eta abenduan izango diren kontzertuak daude. Hiriko lau banda berri aukeratuko dira kontzertuetan jotzeko. Banda bik ekaineko kontzertuan joko dute eta beste biek abendukoan. Esperientzia aberasgarriagoa izateko, talde horiek erreferenteak diren rock-taldeen aurretik joko dute.

Lehen kontzertua Bilborocken izango da, ekainaren 3an. Banda nagusia kontzertu horretan 2014ko Bilbo Hiria Pop-Rock Lehiaketako Metal kategorian irabazle izan zen The Wizards taldea izango da. Hard rock egiten duen banda horrek iaz, esate baterako, Oviedoko Faan Fest-en jo zuen eta kartel berean legendako Iggy Pop egon zen. Kontzertuak 'Plague' eta 'The Wizards¡ grabazioetako kantak eskainiko dituzte.

Ekainaren 3an The Wizards taldearen aurretik jo nahi duten bakarlari edo taldeek mezu elektroniko bat bidali behar dute maiatzaren 5a baino lehen helbide honetara: censobandas@bilbao.eus. Hauexek dira horretarako bete beharreko baldintzak:

• Taldeko kideak 1981eko urtarrilaren 1etik 2001eko abenduaren 31ra bitartean jaioak izatea. Taldean kide bi edo gehiago direnean, kide bakar bat 1981eko urtarrilaren 1a baino lehen jaio izana onartuko da.

• Taldeak 'Musik' Taldeen Zerrendan inskribatuta egon behar du eta taldearen eta kideen datu guztiak gaurkotuta eduki. Gainera, hauek aurkeztu behar dituzte: 

• 3 kanta original mp3, ogg edo wma formatuan. 

• Argazki bat jpg, bmp edo png formatuan. 

• Eta taldearen ibilbidea doc, docx, odt edo pdf formatuan.

Taldeak gutxienez ondoko baldintzetako bat bete behar du:

• Taldekide bat gutxienez Bilbon erroldatuta egotea. 

• Taldeak entseguak egiteko lokala Bilbon egotea. 

Aurrerago beste deialdi bat egingo da abenduaren 23an joko duten taldeak aukeratzeko.

Taldeen aukeraketa

Kontzertuetan joko duten bandak aukeratuko dituen epaimahaia musikari loturiko gazte batek, Bilborock taldeko kide batek eta Udaleko Gazteria eta Kirol Saileko teknikari batek osatuko dute. Erabakia hartzeko kontutan hartuko dute aurkeztutako gaien kalitatea eta kontzertuan joko duen banda nagusiaren estiloarekiko egokitasuna. Gainera, Bilbo Hiria Pop-Rock Lehiaketan inoiz jo ez duten bandek lehentasuna izango dute. Hautatutako taldeen izenak Bilborockek Facebooken duen orrian argitaratuko dira.

Kontzertuetako sarrera doakoa izango da eta zuzeneko musikaz gozatu eta musikatalde gazteen berri jakin nahi dutenentzat dira kontzertuok. Hala ere, lekuak mugatuta daude.