Zabalik dago Aste Nagusiko Bertako Pop-Rockaren XXXI. Erakusketan izena emateko epea

uriola.eus 2016ko mai. 3a, 09:00

Udalak abian jarri du beste urte batez, Aste Nagusiko Bertako Pop-Rockaren XXXI. Erakusketa. Izena emateko epea bihar, asteazkena, maiatzak 4, hasi eta maiatzaren 31n amaituko da. Aurreko edizioetan bezala, erakusketan parte hartu nahi duten taldeek Bizkaikoak izan behar dute; gutxienez kide bat eduki behar dute bertan erroldatuta.

Errepertorioari dagokionez, metalaren eta pop-rockaren barruko estilo guztiak onartuko dira, jazza izan ezik, eta Aste Nagusirako antolatuko duten kontzertua gutxienez 45 minutukoa eta gehienez 50ekoa izango da.

Parte hartu nahi duten taldeek www.bilbao.eus web orriko agendan eman behar dute izena; bertan jasoko dituzte parte hartzeko bete behar diren baldintzak ere. Berdintasun, Lankidetza, Bizikidetza eta Jaietako Sailak parte-hartzaileei gutxienez lau tema original aurkezteko agindu die, baita bibliografia, argazkiak eta harremanetarako datuak ematea ere. Kanten hizkuntza, edo hizkuntzak, estiloa eta kideen izenak ere adieraziko dituzte.

Berdintasun, Lankidetza, Bizikidetza eta Jaietako Sailak adierazi du aukeraketa egiteko orduan modu positiboan baloratuko direla emakumez osatutako taldeak eta euskaraz egindako lanak.

1985az geroztik, 1.978tik gora lan eta 310 banda

Aste Nagusiko Pop Rock Erakusketa 1985ean jaio zen pop-rock musikan bere tokia bilatzen ari diren Bizkaiko taldeei bultzada bat emateko asmoz. Urte hauetan 1.978 lan baino gehiago aurkeztu dira eta 310 talde ezberdin ezagutzera emateko aukera izan dute Aste Nagusian, Bilboko Udaleko Berdintasun, Lankidetza, Bizikidetza eta Jaietako Sailaren ekimen honi esker.

Erripa Kaia, Unamuno plaza, Areatzako pasealekua, Bailen kalea eta Bilborock izan dira denbora joan ahala jaietako erreferente eta Bilboko eta Bizkaiko musikarien topaleku bilakatu den jaialdi honen eszenatokiak. We Are The Standard, Zodiacs, Gora Japon, Zea Mays, Idi Bihotz, Athom Rumba, Audience, Knieves, Sativa, Juke Box Racket, Hash, Horn Of Rhino, Radio Crimen, Los Brazos, Memoria De Pez, Porco Bravo, Eureka Hot 4, Ainara Legardon, Smile, The Rifftruckers, Rise To Fall, Unbreath, Eneko Moby Dick edo Rubia dira gaur egungo panorama musikalean finkatuta dauden banda batzuk, aurreneko urratsak erakusketa honetan eman zituztenak.

Aurten ere erakusketak Metal For The Crew elkartearen lankidetza izango du; oraingo edizioan Beste Jack kultur elkartearena ere bai.