Atxilotuetako bi Hondurasko militarrak direla zabaldu du Hondurasko prentsak, eta beste biak Caceresek borrokatu zuen DESA enpresa hidroelektrikoko ingeniari bat eta segurtasun burua direla jakinarazi du The Independentek.
Caceres joan den martxoan hil zuten tiroz La Esperanzako bere etxean. Bere heriotzak nazioartean haserrea eta Hondurasen mobilizazio handiak eragin zituen.
"Justizia eskatuz borrokatu eta nazioarteko presiorik izango ez bagenu, nire amaren heriotza honezkero ahaztua zen", adierazi dio The Guardiani Laura Caceres 23 urteko alabak. "Atxiloketen berriarekin esnatu gara, baina horrek ez du gure aldarria aldatzen, nazioarteko ikerketa bat behar dugu".
Iturria: www.argia.eus
Hitzaldia
'Berta Caceresentzat justizia' izeneko elkartasun biraren baitan, gaur, asteazkena, Hondurasen lanean ari diren euskal erakundeek hitzaldia antolatu dute Bilbon. Ekimenean parte hartuko dute Berta Caceresen alabak, Bertha Isabel Zuñiga Caceserek, eta Hondurasko elkarte indigenen eta herrikoien elkarteetako hiritarren kontseiluko ordezkari Rosalina Dominguezek. Hitzordua Bizkaiko Batzar Nagusietako ekitaldi aretoan (Hurtado de Amezaga 6) izango da 19:00etan.
Iturria: www.komiteinternazionalistak.org