Euskararen euskalki eta hizkera desberdinak Zabalguneko plazan paratu dituzte

uriola.eus 2016ko mai. 3a, 13:23

Euskara ibiltaria izeneko erakusketa zabalik da Bilboko Zabalgune eraikinean. Euskaltzaindiaren, Bilboko Udalaren eta Laboral Kutxaren ekimenez sortutako erakusketaren xedea euskararen euskalki eta hizkera desberdinak ezagutzera ematea da. Gaur goizeko inaugurazioan, Euskararen Herri Hizkeren Atlasa-ren VII. liburukia aurkeztu du Akademiak. 

Erakusketaren helburu nagusia euskarak alor desberdinetan (lexikoa, izen-morfologia, aditz-morfologia, sintaxia...) bere lurralde osoan hartzen dituen formak eta aldaketak erakustea da. Hala, bada, erakusketan bisitariak aurkituko ditu, besteak beste, Euskararen Herri Hizkeren Atlasa (EHHA) egitasmoaren historia laburra, euskararen bariazioak erakusten dituzten mapak eta hauen interpretazioak, euskararen hizkuntz-atlasa lantzeko erabilitako hainbat material (erantzun koadernoak, argazkiak, kaseteak, CDak...), EHHAren zazpi liburukiak edota ohiko mintzamoldeen antologia. 

Erakusketa ikusgai dagoen bitartean, Euskaltzaindiak euskalkiei, herri hizkerei eta atlas linguistikoari buruzko hitzaldiak eskainiko dizkie Bilboko hezkuntza-zentroei eta euskaltegiei. Hitzaldion helburuak dira ikasle eta interesdunei gure hizkuntzaren aberastasuna ezagutzera ematea, hizkuntzaren eboluzioa modu grafikoan erakustea, eta atlas linguistikoen nondik norakoak azaltzea. 

Hortaz, interesatutik egon ezkero, hezkuntza-zentroek eta euskaltegiek Euskaltzaindiarengana jo dezakete, hitzaldi hauei buruzko informazio eske. Izan ere, Akademiak egutegi zein ordutegi aldetik eskaintza zabala jarriko du zentro horien eskura. 

Erakusketa maiatzaren 27ra arte egongo da zabalik, astelehenetik ostiralera, goizeko 8:00etatik iluntzeko 20:00etara. 

VII. liburukiaren aurkezpena 

Erakusketaren zabaltzearekin batera, gaur aurkeztu da EHHAren zazpigarren liburukia eta horrekin batera argitaratu den CDa. Aurrekoak bezala, Laboral Kutxaren babesarekin argitaratu du Akademiak. 

Liburuki berriaren lehen atalean baserriaren, etxearen, lur lantzearen, goldearen eta garraiogintzaren eta inguruko edo etxearekiko zenbait kontzeptu landu dira. Adolfo Arejita egitasmoaren zuzendari akademikoak azaldu bezala,  “Atlas honen gai esparrua tradizioko munduari eta bizimoduari dagokio bete-betean, eta liburuki honen edukiak ere mundu aberats horretan murgiltzen gaitu lehen partean, berorren esparru batzuetan”. 

Liburua baserri-etxe bateko sukaldetik abiatzen da eta horren osagarriak, etxe inguruko edo etxearekiko zenbait elementu edo toki garrantzitsu, sukaldeko tresneria edota ontzi eta tresnak, jorratzen ditu. Laborantzako lanabes asko ere landu dira liburu honetan. 

Liburukiaren bigarren partean gramatika kategoria oinarrizko batzuk eta aditzaren inguruko zenbait alderdi, bereziki sintaxiari dagozkionak, landu dira. 

Beraz, EHHAren zazpi liburuki kaleratu dira dagoeneko eta guztiak daude kontsultagai, PDF formatuan, Euskaltzaindiaren webgunean (www.euskaltzaindia.eus). Izan ere, seigarrena eta zazpigarrena gaur bertan jarri dira publikoaren eskura. 

Horrezaz gain, V. liburukia ikusgai eta entzungai dago webgunean: batetik, liburukiaren testu osoa PDF formatuan irakur daiteke osorik; eta bestetik, lekukoek emandako erantzunak entzun ere egin daitezkeela. 

Epe motzean, VI. liburukiaren audioak ere eskegiko dira Euskaltzaindiaren webgunean.

 

145 herri, 2.857 galdera, grabatutako 4.000 ordu 

Euskararen Herri Hizkeren Atlasak (EHHA) ahozko euskararen aldaerak mapetan jasotzea du xede. Egitasmoa 1984an jarri zen abian, galdeketa puntuen sarea, galde-sorta eta lan metodologia finkatu zirelarik. Galde-sorta horrek hizkuntzaren datu guztiak biltzen ditu: lexikoa, fonetika, morfologia eta sintaxia. Datuak biltzeko Euskal Herri osoko 145 herri hautatu ziren. 145 herri horietan eginiko inkestekin 2.400 zinta grabatu ziren. Euskaltzaindiak bildurik dituen grabazioak 4.000 ordutik gora dira (bataz beste 27 ordu herriko). 

2010ean kaleratu ziren I. eta II. liburukiak. Lehenak honako gaiak jorratzen ditu: intsektuak, itsas arrainak, ibai arrainak eta ibai arrantzako tresnak, narrastiak eta urpekoak, txoriak, basa animaliak eta ehizako arteak, eguzkia eta zerua, eguraldia, elurra eta hotza. 

Bigarren liburukian aztertu eta landu ziren esparruak hiru dira: denbora kronologikoa, topografia eta landaretzaren lehen atala. Denborarenean, esaterako: astearen egunak, hilabeteak, urte sasoiak eta urteak, eta euretariko bakoitzaren parteak landu dira; baita oraingo, lehengo eta geroko denbora-unitateak ere. 

Hirugarren liburukian (2011n argitaratua) tradizioko bizimodu eta ingurumenaren inguruko gai edo kontzeptuak landu ziren: batetik, lurra, euskal gizakia bizi den lurra; lur horretan erne diren belar, landare, zuhaixka eta zuhaitzak; lurrak berez edo gizakiaren eraginez ematen dituen uztak; eta bestetik, euskal gizakiarekin belaunez belaun bizikidetza estuan bizi izan diren animaliak, euren parte esanguratsuak eta euren inguruko prozesuak. 

Laugarren liburukian (2012) kontzeptu ugari bildu eta landu ziren, eremu biren inguruan: etxe-abereak eta etxea bera. Hala, liburukiaren lehen partea hainbat etxe-abereri eskainia dago (txerriak, hegaztiak, txakurrak, erleak) eta bigarren partea, batez ere, etxearen esparruari dagokio. 

Bosgarren liburukiak (2013) izenaren morfologia landu zuen. Parterik handiena deklinabideak hartu zuen. 

Seigarrenak (2015) aditz morfologia jaso zuen; gehien erabiltzen diren aditzaren forma jokatuak aztertu ziren.