Mirentxin Gidariak: "Aurrekaririk gabeko elkartasun keinua antolatu dugu larunbaterako"

uriola.eus 2016ko mai. 6a, 08:53

Santutxuko Mirentxin Gidariak elkarteko kide batzuk

Bihar, maiatzak 7, larunbata "aurrekaririk gabeko elkartasun keinua" antolatu du Mirentxin Gidariak elkarteak. 400 furgonetarekin, sei kilometro luze izan daitekeen furgoneta karabana osatuz, Larrabetzu eta Bilbo lotuko ditu "presoen sakabanaketa eta sakabanaketak sortutako ondorioak" irudikatzeko. 

Zein helburu du maiatzaren 7an antolatu duzuen Furgo-martxa ekimenak?

Bi helburu ditu. Sakabanaketarekin amaitzeko premia eta beronek sortutako ondorioak ikustarazi nahi dira, alde batetik. Horretarako, Larrabetzun hasi, Bilbo zeharkatu eta Larrabetzun bukatuko den furgoneta martxa bat burutuko da. Martxa horretan gutxienez preso bakoitzeko furgoneta bat joango da astebururo errepideetan egoten diren senide eta lagunen erakusgarri; eta horrez gain, ibilbidean zehar, ondorio horiek ikustarazteko ekimen desberdinak egingo dira.

Zein da Furgo-martxaren bigarren helburua?

Bestetik, Bilbon egingo den salaketa ekimen eta elkartasun keinuaz gain, Larrabetzun eta egun osoan zehar, munduan beste inon ikusi ezin daitekeen elkartasun uholde ikaragarri hau erakutsi eta omenduko da. Astebururo-astebururo errepideetan egoten diren milaka herritarrei merezi duten omenaldia eginez.

Mirentxin Gidariak elkarteko kide zarete. Zelako elkartea osatzen duzue zehazki?

Euskal Preso Politikoen Kolektiboa osatzen duten kideen senide eta lagunei dispertsioak eragindako distantzia eramangarriago egiteko asmoz sortutako gidari bolondres taldea da Mirentxin Gidariak. Egun bederatzi furgoneta eta 850 gidari bolondres ditu elkarteak, astebururo-astebururo frantziar eta espainiar estatuetako 14 kartzelatara presoen senide eta lagunak eramaten dituzten 850 bolondres. Baina horiez gain, ezin ditugu ahaztu, elkatasun keinu hau posible egiteko beharrezkoa den koordinazio lanetan ari den jendea, furgoneten manteinu lanak egiten dituena... Hala ere, borondate on guztia izan arren, badakigu gure lanarekin ez diogula arazoari irtenbiderik ematen, ezinezkoa baitugu kartzela guztietara iristea.

Zelako zerbitzua ematen duzue?

Sakabanaketak senide eta lagunengan dituen ondorio lazgarriak arintzeko asmoz, sortu zen Mirentxin Gidariak. Gure helburua astebururo-astebururo ehundaka kilometro egitera behartuta dauden euskal preso politikoen senide eta lagunei laguntzea da. Horretarako, hainbat bolondresez osatutako elkartea da Mirentxin, ahal den neurrian, inor bisitarik gabe ez geratzeko elkartasun keinua. 

Baina, gidari izatea ez da bete nahi den helburu bakarra: alde batetik, istripu arriskua gutxitu egiten da kotxe gutxiago badabil errepideetan; bestetik, senide eta lagunei bidaian lasai joateko aukera eskaintzen zaie, gidatzeaz ahaztu eta bisitan pentsatzeko aukera izan dezaten; eta azkenik, senideei euren arteko harremana estutu, elkar ezagutu eta esperientziak elkartrukatzeko aukera ere eskaini nahi zaie. 

Nola sortu zen Mirentxin Gidariak elkartea?

Mirentxin Aurrekoetxearen omenez du izena gidari taldeak. Mirentxinek Algeciraseko espetxean zuen bere senarra preso eta ez zuen modurik bera ikustera joateko. Egoera hau ikusita, gaur egun ere gidari den kide batek bere kotxea hartu eta beroni laguntzeko hautua egin zuen. Horrela, poliki-poliki Mirentxinen egoera arintzeko lagun saretxo bat osatzen hasi zen. Hala ere, berehala konturatu ziren, tamalez, Mirentxinek bizi zuen egoera ez zela kasu isolatu bat, Euskal Presoen Kolektiboa osatzen duten kide guztien senide eta lagunek bizi duten egoera orokor baten isla baino. Hori horrela, jauzi bat gehiago eman eta kotxeetatik gaur egun Mirentxinen sinbolo den furgonetarako urratsa eman zen, pertsona gehiago mugitzeko modua, ibilgailu gutxiago errepidean izateko bidea.

Kartzela-dispertsioak zelako ondorioak ditu presoen senide eta lagunengan? 

Euskal preso politikoen aurkako kartzela-dispertsioa, senide eta lagunen aurkako neurri krudela Euskal Herrian bizi dugun gatazka politikoaren ondorioz, milaka euskal herritar atxilotu/atxilotzen eta kartzelaratu/kartzeleratzen dituzte. Kolektibo honen aurka bizi baldintza gogorrak ezartzen dira eta beraien egunerokotasunean isla nabaria dute euren eskubideak egunero urratuz. Neurri zorrotz horien artean ezartzen zaien dispertsio politika aipatu behar da, 1987. urtean abiatu zena. Horren ondorioz, presoak Euskal Herritik urrun dauden espetxeetara bidaltzen dituzte, eta behin kartzela barruan, modulo ezberdinetan sakabanatzen dituzte, isolamendua areagotuz.  

Nazioarteko legediaren aurka doan urrunketa hau, preso, euren senide eta lagunentzako zigor gehigarria da: euren inguru sozial, afektibo, politiko, kulturaletatik urruti egoteaz gain, astero-astero hainbat kilometro egiteak ondorio latzak ditu euskal preso politikoen senide eta lagunentzat. 

Larriena, eta tamalez atzera bueltarik ez daukana, urte luze hauetan errepideetan gertatutako hamaika istripu eta berauetan hildako eta zauritutako senide eta lagunak dira. Istripu horien ondorioz, 16 dira errepideetan bizitza galdu duten senide eta lagunak eta ehundaka zaurituak.  

Bestalde, presoen senide eta lagunek astebururo-astebururo egin beharreko milaka kilometro eta horrek sortutako arriskua eta kostu ekonomiko zein emozional eta psikologikoa.

Asteburukoa "azken bidaia izan dadila" eskatu duzue. Noiz iritsiko da egun hori?

Ez dago gure esku erabaki hori, ea lehenbailehen den. Euskal presoak Euskal Herrira ekartzen dituztenean egingo dugu azken bidaia. 

@MirentxinG