Bilbotarren artean musikarako eta, batez ere musika klasikorako, zaletasuna piztea du helburu 'Musika dibertigarria da' egitasmoak. Horretarako, maiatzean, Abando–Barrainkuako udaltegiak, helduei zuzendutako hiru kontzertu didaktiko eta familia osoarentzat bereziki diseinatutako saio bat eskainiko ditu.
Ostiralean, maiatzak 6, familia osoari eskainitako Gaueko entziklopedia koxkorra euskarazko ikuskizunarekin gozatzeko aukera izango da. Pilarik gabe funtzionatzen duten jostailuzko musika-tresnekin egindako musika, estetika pop minimalista eta poesia sortzaileak osatutako letrak dira 2princesesbarbudes taldeak interpretatzen dituen abestien osagaiak. Ikuskizunak clowna eta objektuen antzerkia gure garaiko eta beste garai batzuetako abestiekin eta musika erritmo anitzekin uztartzen ditu. Horrez gain, Gaueko entziklopedia koxkorra, gauari buruz hitz egiten duten 13 abesti jasotzen dituen eta Helena Casasen irudiak dituen disko-liburua ere bada.
Bigarren kontzertu didaktikoa maiatzaren 13an, eskainiko da, 19:30ean, eta protagonista Khantoria soka hirukotea izango da. Hirukotea klabezinak (Virginia Gonzalo), biolinak (Ander Berrojalbiz) eta biolak (Maider Lopez) osatzen dute, eta Klabezinbaloa lagunduz ikuskizuna eskainiko dute. Existitu zela adierazten duten testigantzak dauden arren, ez da ilustrazio garaiko kamerako musika instrumentalaren partiturarik kontserbatu Euskal Herrian. Hala ere, musika kultuaren eta musika herrikoiaren alorretako teklarako iturriak kontserbatzen dira. Hori dela eta, eta garai hartako kamera musika gehiena teklarako musikan oinarrituz idazten zela jakinda, Khantoriak Klabezinbaloa lagunduz ikuskizuna aurkezten du, ikus-entzuleak XVIII. eta XIX. mendeen arteko euskal kamerako musikaren soinu mundu posible hartara hurbiltzeko helburuz.
Maiatzaren 20an izango den hurrengo saioak lirikaren inguruko kontzertu pedagogikoa proposatzen du, Vodevil hirukotearen Life is a cabaret ikuskizunarekin. Ikus-entzuleak azken urteetan garrantzia irabazten ari den generora hurbiltzea bilatzen duen ikuskizuna da: Musikalera. Aukera bikaina genero horretako pieza ezagunenak formatu intimoan eta gertukoan gozatzeko, interpretazio kalitate bikainarekin, Iñaki Belaskok pianoan lagunduko dituen Leire Rivas sopranoarekin eta Adhara Martinez mezzosopranoarekin.
Kontzertu didaktikoen aurtengo edizioa maiatzaren 27an amaituko da, euskal musika herrikoiaren soinu eta musika-tresna tipikoei eskainitako proposamenarekin, Juan Mari Beltran Hirukotearen gidaritzapean. Kontzertu horretan, Juan Mari Beltran musikologo eta euskal musika herrikoiak duen figura garrantzitsuenetakoaren eskutik, zenbait musika-tresnaren funtzionamendua eta jatorria ezagutuko ditugu: xirula, txistua, dultzaina, danbolina, txalaparta, ttun-ttuna, rabela edo alboka, besteak beste. Ander Barrenetxeak lagunduko du Beltran perkusioa eta txalapartarekin eta Errege Beldak akordeoiarekin.
Kontzertu didaktiko guztiek sarrera librea izango dute aretoko leku guztiak bete arte.
Egitaraua: 'Musika dibertigarria da'
Maiatzak 6, 18:00, 2princesesbarbudes taldea: Gaueko Enziklopedia Koxkorra. Familia osoarentzako ikuskizuna. Euskaraz.
Maiatzak 23. 19:30, Khantoria hirukotea: Klabezinbaloa lagunduz. Euskaraz eta gaztelaniaz.
Maiatzak 20, 19:30, Vodevil hirukotea: Life is a cabaret. Gaztelaniaz.
Maiatzak 27, 19:30, Juan Mari Beltran Hirukotea. Euskal Herriko musika eta soinu-tresnak. Euskaraz eta gaztelaniaz.
LEKUA: Abando-Barrainkuako udaltegia.
Sarrera dohainik. Leku kopuru mugatua. Leku guztiak bete eta gero ezin izango da kontzertura sartu.