Ollerietan bizikidetza nahastu nahi duenak "haren aurrean eta haren aurka" izango du Udala

uriola.eus 2016ko mai. 4a, 16:21

Bilboko alkateak irmotasuna azaldu nahi izan du Ollerieta auzoan gertatzen ari den gatazkaren inguruan. Argiro adierazi du "bizikidetza nahastu nahi duetenek haren aurrean eta haren aurka izango dituela alkate hau eta Gobernu Talde hau". Udalak "besoak gurutzatuta" dituela uste dutenei esan die, Ollerietan "isiltasunean" lanean ari dela "konponbideak bilatzen".

"Pairatzen ari diren guztiagatik", Ollerietako auzokideen sufrimenduarekin bat egin du gaur eguerdian udaletxean eginiko premiazko agerraldian Aburto alkateak. Ollerietan dagoen bizikidetza eta segurtasun arazoaz jakitun, Udal Gobernuko kideak ez daudela "besoak gurutzatuta" plazaratu du, azken egunetako kritikak usatu nahian. Izan ere, zenbait auzokide Udaltzaingoaren presentzia faltagatik kexatu dira. Udalak, "hilabete hauetan, urte hauetan guztiotan, konponbideak bilatzen" jardun duela argitu du. "Etengabe”, eta zehaztu duenez, "isiltasunez". Aburtoren hitzetan, "lan serio, zorrotz eta koordinatuak gogoko emaitzak ekar ditzake, arazo honetarako irtenbide egokia erraztuz". 

Hain zuzen ere, hiru esparrutan ari da Udala lanean Ollerieta auzoan.

Segurtasunean, Udaltzaingoaren eta Ertzaintzaren arteko koordinazioaz. "Bakoitzak dauzkan eskumenen arabera, zaintza kontuetan lan egiten ari da, etengabeko ekintza presentzialaz, atxiloketak eginez –beharrezkoa balitz–, eta zainketa-lanetan une oro adi eta erne jardunez".

Adingabekoen inguruan, Bizkaiko Foru Aldundiarekin eta Fiskaltzarekin batera. "Arazo honetan adingabekoak tartean egoteak areago zailtzen ditu hartu beharreko erabakiak". 

Bizikidetzan, Udaleko sei sailen arteko lankidetzaz: Alkatetza, Gizarte Ekintza, Segurtasuna, Hirigintza eta Herritarren Partaidetza. Gainera, Eusko Jaurlaritzako hiru sailekin batera lan egiten ari da.

Aburtok, halaber, Ollerietako auzokideekiko atxikimendua adierazi du: "Hitz hauen bitartez, animoa eta aupada eman nahi diet eremu horretako auzokideei, eta lasaitasuna gainerako bilbotar guztiei. Bilboko auzokideen arteko bizikidetza nahastu nahi dutenek haien aurrean eta haien aurka izango dituzte Alkate hau eta Gobernu Talde hau", ziurtatu du.

 

[2016-04-27] Iritzia - Atxurigorri: Behar den beste lan ez da egiten