Bilboko Gobernu Batzordeak atzo onartu zuen hitzarmen hori sinatzea eta helburu nagusi bi ditu:
- Sare sozialen bidez larrialdiei, alarmei edo arriskuei buruzko informazioaren erabilerarik hoberena eskaintzea, batez ere Bilbon arrisku kolektibo larria edo alarma berezia sor daitekeenerako.
- Autobabesarekin, arriskuen gestioarekin eta herritarren segurtasunarekin lotutako dibulgazio-ekintzak egitea.
Hartara, VOST Euskadi elkarteak Udalaren bide ofizialen bidez emandako oharrak eta alertak bakarrik zabaltzeko duen konpromisoa gauzatuko da, herritarrak ez nahasteko baieztatu bako datuekin eta informazioarekin. Zuzeneko komunikazioa ere izango du Udaleko Babes Zibil eta Larrialdietako Zuzendaritzarekin, zalantzak argitzeko eta zurrumurruak edo amen-omenak zuzentzeko.
Era berean, sare sozialetan gertakariren bati buruz zabaltzen diren informazioen eta irudien monitorizazioa ere jasota dago hitzarmenean. Herritarren Segurtasun Sailak konpromisoa hartu du larrialdietako taldeentzako prestakuntza-ikastaroetan parte har dezan VOST Euskadiko ekipoak.
Garapen onerako eta jarraipenerako batzordea ere eratuko da, Herritarren Segurtasun Saileko eta VOST Euskadiko ordezkariek osatua. Batzorde horrek lankidetza-maila eta helburuak zenbateraino betetzen diren aztertuko du, estrategia eta prestakuntza-plan koordinatuak proposatzeko.
EAEko Larrialdietako Boluntario Digitalen Elkartea (VOST Euskadi) 2013an Euskadin sortutakoa da. Babes zibileko, larrialdietako, segurtasuneko, kazetaritza espezializatuko eta analisi informatikoko boluntario profesionalek osatzen dute elkartea. Larrialdien kudeatzaileei laguntza ematen die sare sozialen bidez, informazioa monitorizatu eta aztertuta, modu egokian komunikatzeko eta zurrumurruak detektatu eta zuzentzeko.