Bilbo Zaharra euskaltegiak hamarkada bat darama euskaraz idatzita dagoen literatura-lan bat hamabi orduz jarraian irakurtzeko saioak antolatzen. Kultura jaialdi honetan laurehun irakurlek baino gehiagok hartzen dute parte. Aurretik, irakurtzeko hautatu den liburuarekin lotutako Bilbo Zaharra Forua jardunaldiak antolatzen dira.
Aurreko urteetan, Axularren Gero, Mogelen Peru Abarca, Jon Miranderen Haur besoetakoa, Saizarbitoriaren Hamaika pauso, Arantxa Urretabizkaiaren Zergatik panpox, Bernardo Atxagaren Obabakoak, Gabriel Arestiren Harri eta herri, iaz Sarrionandiaren Narrazioa Guztiak, eta aurten, Franz Kafkaren Metamorfosia.
Aurten 100 urte bete dira Kafkak Metamorfosia idatzi zuela, eta urteurren hori baliatu nahi dute itzulpenaren garrantzia eta balioa aldarrikatzeko.
Munta handikoa, dudarik gabe, aurtengo ekainaren 9an eta, beti bezala, Arriaga antzokian ospatuko den irakurketa-jaialdia. Hamabi ordu, 400 bat irakurle, 50 eragile sozial…
Bilbo Zaharra erakundeak gonbidapenen banatzea hasi du, beraz, edonork parte hartzeko berea eskatu dezake. Irakurketa goizeko 08:00tatik arratsaldeko 19:00tara izango da eta parte-hartzaile bakoitzak bi-hiru minutuko batezbesteko tartea izango du aurrez aukeatutako sekuentzia irakurtzeko.
Mende oso bat igaro da, Franz Kafkak Gregor Samsa sortu zuenetik, eta irakurleak oraindik harritu egiten gara, liburuaren hasieran pertsonaia labezomorro bihurtuta esnatu zela irakurtzean. Oso ospetsua da nobelaren hasiera, Gregor Samsa intsektu nazkagarri bihurtuta erakusten diguna. Pertsonaiaren esnatzearekin batera, familiakoen sentimendu eta erreakzioak ikus ditzakegu, baita haien alderik ilunenak ere.