Familien Lasterketaren V. edizioak esklerosi anizkoitzaren ikerketarako dirua lortzea izango du xede

uriola.eus 2016ko mai. 13a, 08:00

Igandean, maiatzak 15, goizeko 11:00etan hasita, Familiako Lasterketaren bosgarren edizioa egingo da Euskadiko Esklerosi Anizkoitzaren Fundazioaren alde. Proba hau, Guggenheim Museoko zelaigunetik Itsas Museoraino doan 1,8 kilometroko zirkuituan jokatuko da.

Lasterketa adin guztietako pertsonei dago zuzendua, kirola, osasuna eta familia bezalako baloreak bultzatzen baititu. Bosgarren edizio honetan parte hartu nahi duten familia guztiek 2 eta 10 partaide bitarteko taldeetan eta hiru maila desberdinetan korritu ahal izango dute. Lehen belaunaldiko taldea, bikoteek, anai-arrebek eta lagunek osatuko dute. Bigarren belaunaldiko taldean, aldiz, guraso eta seme-alabek edota osaba-izekoek eta ilobek. Eta hirugarren belaunaldiko kategorian azkenik, aitita-amamak, gurasoak eta bilobak. Talde bereko partaide guztiek batera egin beharko dute korrika ibilbide osoan zehar. Aurreko edizioetan lez, izena ematen dutenen kopurua ezin izango da 3.000 baino gehiagokoa izan.

Izen ematea 

Izen ematea www.vamosacorrer.com web orrialdean egin daiteke eta inskripzioekin lortutako dirua Euskadiko Esklerosi Anizkoitzaren Fundaziorako izango da. Zenbakiak ostiralean, maiatzak 13, eta larunbatean, maiatzak 14, 09:30etik eta 21:00etara arte jaso ahal izango dira kirol solairuan. Horretarako, mezu elektronikoa aurkeztu behar da inskripzioko datuekin.

Ibilbidea

Ibilbideak Guggenheim Bilbao Museoa du abiapuntu eta Bilboko Itsas Museoraino iritsiko da, berriro hasierako puntuan bukatuz. Itzuli batek 1,8 km-ko luzera dauka eta gehienez 5 aldiz errepikatu daiteke, guztira 9 kilometro burutuz. Aurreko edizioetan legez, parte-hartzaileek janedana izango dute buelta berri bati ekiten dioten bakoitzean, baita helmugara heltzen direnean ere. Irteerak kategoriaren arabera burutuko dira, mailaz maila, 3. belaunaldikoetatik hasi eta lehen belaunaldikoekin bukatuz.

EAEko esklerosi anizkoia

Euskadiko Esklerosi Anizkoitzaren Fundazioa 2001ean sortu zen, kolektiboaren indarrak batu eta autonomia-erkidego osoan lan egiteko, gaixotasunaren ezaguera, sentsibilizazio soziala eta gaitz honekiko interesa bultzatuz.

Fundazioaren helburua Euskadin Esklerosi Anizkoitza duten pertsonen bizimoduaren kalitatea hobetzea da, sentsibilizazio sozialaren bidez eta kolektiboaren eskubideen alde jokatuta pertsona guztien berdintasunaren aldeko aldaketa soziala eragiteko.

Lasterketa Udalak eta El Correo egunkariak bultzen dute eta Eusko Jaurlaritzaren, BBKren, EDP Fundazioaren, El Corte Inglesen, Vodafoneren, Coca Colaren, BM supermerkatuen eta Quiron ospitalearen laguntza du.