Desagertutako emakume baten bila dabiltza San Adrianen

uriola.eus 2016ko mai. 9a, 12:38

Udaltzaingoak hiritarren laguntza eskatu du, Maria Isabel Rubio Roman –Maribel- 74 urteko emakumea aurkitzeko. Desagertzea atzo arratsaldean Udaltzaingoaren aurrean salatu zuten haren senideek.

Emakumeak 1,60 metro neurtzen du, gorpuzkera sendokoa da, ile labur eta gaztaina-koloreduna eta nahastuta egon daiteke. Desagertu zen momentuan urre koloreko lumazko jaka mehea, fraka ilunak eta zapata baxuak zeramatzala uste da. Dirurik eta dokumentaziorik gainean ez omen darama. Bere senideek berarekin harremana izan zuten azken unea larunbatean, maiatzak 7, gauean izan zen, eta beraz, horren ondoren, San Adrian auzoko inguruetan desagertu zela suposatzen da.

Udaltzaingoak, Ertzaintzarekin koordinatuta, lanean dihardu Maria Isabel aurkitzeko; hori dela eta, daturen bat eskaini dezaketen pertsonei 092 edo 112 telefonoetara deitzea eskatu diete, argibideren bat emate aldera (eguneko 24 ordutan eskuragarri, asteko egun guztietan).