'Mugaz gaindiko borroka, borroka bakarra' leloa hautatu du Bizkaiko M15 mugimenduak bere bosgarren urteurrenerako, jaiotzera bultzatu zuten helburuak "bete ez direlako" eta "kalean borrokari eustea beharrezkotzat jotzen duelako".
Gainera, Nuit debout (Gaua zutik) ekimenak eginiko '#GLOBALDEBOUT' deialdiarekin bat egingo du mugimenduak. 'Plazak hartu' mezuari jarraituz, joan den martxoaren 31n sortu zen herritarren mugimendua da Nuit debout. 500 hirik baino gehiagok babestu dute '#GLOBALDEBOUT' deialdia: "Munduko biztanleak, mugak suntsitu ditzagun eta eraiki dezagun elkarrekin mundu zabalean udaberri berri bat! Maiatzaren 15ean mundu osoan okupa ditzagun plazak masiboki nazioarteko ekintza batean".
Maiatzak 15 - 'Mugaz gaindiko borroka, borroka bakarra' - Arriaga plaza
11:00 Kolektiboen informazio mahaia. TTIPari buruzko informazio ekintza antolatu du Bizkaiko M15M taldeak.
12:00 Nuit debout babesteko elkarretaratzea.
12:30 Kolektiboen parte-hartzea. Hainbat gizarte eragilek egunerokoan egiten duten lanaren berri emango dute.
13:00 Asanblea orokor irekia. Egungo egoeraren inguruko hausnarketa eta 'Plazak hartu' (M15, Estatu espainiarrean).
14:00 Bazkari herrikoia. Eramandako janaria konpartituko dute.