Hainbeste leku interesgarri

uriola.eus 2016ko mai. 12a, 07:00

Argazkia: Nagore Ferreira Zamalloa

Bidaiatzen hasi zenean heldu zitzaion Nagore Ferreira Zamalloari argazkilaritzarekiko zaletasuna, “gauza eta leku berriak ikustean”. 

Dena den, “hurrean leku txiki eder ugari” dauzkagula azpimarratzen du. “Bilbo bera sano fotogenikoa da, errioa, Zazpikaleak, lantegi zaharrak, eraikinak edota iturriak”. Aitite zuen argazkizalea Nagorek, “gaztetan behintzat hainbat argazki atera zituen”: gerrako frontean “izparringia” irakurtzen, batailoiko kideekin berbetan, eta gerraostean, mendian lagunekin, hondartzan… Kazetaria da lanbidez Nagore, eta, “akaso, horregatik” fotokazetaritza gustatzen zaio. Robert Caparen irudiak gaur egun ere “itzelak” begitantzen zaizkio. Hurreko argazkilarien artean Santi Yaniz nabarmentzen du. “Asko gustatzen zaizkit bere lanak, eta baita bere lan egiteko modua ere”. 

Nikon Coolpix P100 kamerarekin lekuak eta gauzak erretratazea gurago du Nagorek. “Pertsonak ondo ateratzea, ondo egitea oso gaitza da niretzat”, dio. Pertsonen “arima” harrapatzea ez da batere erraza; “hori ondo gutxik egiten dute”. Bere argazkiek bide laburra egin ohi dute; kameratik ordenagailura, eta baten bat Facebookera, “baina besterik ez, kar, kar”. Aurrea begira, erretratu asko dauzka egiteko, “ia denak”. “Hainbeste leku interesgarri daude! Zerrenda bat egitea eskatuz gero, nondik hasi ere ez nuke jakingo”.