Bolintxu haraneko bioaniztasuna mehatxupean

Erabiltzailearen aurpegia Ekologistak Martxan 2016ko mai. 12a, 07:00

Ekologistak Martxan elkartearen arabera, Cementos Rezola enpresaren harrobia betetzean Bolintxu haraneko zenbait hezegune suntsituak izan dira, "Bilboko Udalak baimendurik, nahiz eta horrek Pagasarri Mendiko Plan Bereziaren kontra egiten duen". Gaur, Ekoetxean, zehaztasun gehiago emango ditu elkarte ekologistak Iralako Auzokideen Elkartearekin batera. Larunbatean, ibilbidea antolatu dute Bolintxu haranean zehar. 

Bilbo udalerriko Bolintxu harana, balore natural handienak dituen naturgunea da. Haran honetan, Artxondoko bertan behera utzitako harrobia aurkitzen da eta bertan kokatzen du bere kabia belatz handiak -hegazti babestua-. Gainera hezegune batzuk ere badaude, beraien fauna eta flora propioa dutenak.

Bioaniztasun hori mehatxaturik dago. Are gehiago, zenbait hezegune suntsituak izan dira, izan ere, Cementos Rezola enpresa harrobia betetzen hasi baitzen, Bilboko Udalak baimendurik, nahiz eta horrek Pagasarri Mendiko Plan Bereziaren kontra egiten duen. Udalak berak Plan honen hedatzea adostu zuen Pagasarri mendia babesteko asmoz.

Gaur, hilak 12 osteguna, 19:00etan Ekoetxean (Pelota kalea 5) Iralako Auzokideen Elkarteko kide batek eta Ekologistak Martxan erakundeko ordezkari batek parte hartuko dute 'Cementos Rezolako zabortegiak Bolintxu mehatxatzen du' izeneko hitzaldian. Sarrera librea eta doakoa da.

 

Bolintxuko haranean ibilbide ekologikoa

Larunbatean, hilak 14, 9 kilometroko oinezko ibilbide ekologikoa antolatu du Ekologistak Martxan elkarteak Bolintxuko harana ezagutzeko. Bilbo - San Adrian - Larraskitu - Igertu - Artxondoko - Bolintxu - La Peña - Bilbo ibilbidea, hain zuzen ere. 

Topalekua Zabalburu enparantza, galeria ondoan, 9:30ean izango da eta itzulera 14:30ak aldera. 

Informazioa eta derrigorrezko izen-ematea: maiatzaren 13ra arte, ostirala, 12:00etan, Ekoetxea, Pelota kalea 5 - Bilbo, 944790119, bizkaia@ekologistakmartxan.org - Plaza mugatuak.

Eramateko gomendagarria: janaria eta edaria, mendiko botak eta arropa egokia.

Antolatzaileak: Ekologistak Martxan eta Bizizaleak Kultur Elkartea.

www.ekologistakmartxan.org