Labayruko merkatuak 50. urteurrena ospatuko du gaurtik larunbatera

uriola.eus 2016ko mai. 12a, 11:00

1966. urtea zen, eta gaur bezalako egun batean, maiatzaren 12an, Labayruko Merkatuak bere ateak zabaldu zituen lehen aldiz jendearentzat. Mende erdi igaro da ordutik, eta Merkatuak, gaurtik larunbatera, maiatzaren 14ra, luzatuko den jarduera egitarau zabalarekin ospatuko ditu bere urrezko ezteiak. 

Aurreikusitako programazioari hasiera emateko, Merkatuak ekitaldi instituzionala jaso du, eta bertan Alfonso Gil Bilboko Udaleko Alkateorde eta Mugikortasun, ingurumen, etxebizitza eta garapen iraunkorreko Politiken Koordinatzaileak eta Yolanda Diez Osasun eta Kontsumo zinegotziak hartu dute parte, beste batzuen artean. 

Gil eta Diez izan dira ospakizuneko plaka desestali eta hemendik aurrera Labayruko Merkatuak izango duen irudi korporatibo berria aurkeztu dutenak. Horren ondoren showcookinga etorri da, Ivan Abril, Kimtxu jatetxeko sukaldariaren eskutik. Merkatuko produktuetan oinarritutako zenbait pintxo prestatu ditu.

Gilek adierazi duen bezala, "mende erdiko bizitza, pertsiana jasoz produktu hoberenak eskaintzeko. Harro egoteko modukoa da. Bilbon asko atsegin ditugu gure ohiturak, eta merkatura etortzea horietako bat da; gure eskuetan dago hori ez galtzea. Gainera, niretzat oso garrantzitsua da gaur hemen egotea, duela urte batzuk nire familiak Labayruko Merkatuko postuetako bat izan baitzuen. Oroitzapen bikainez betetako lekua da".

Diezek, bere aldetik, "Bilbok merkatu sare garrantzitsua duela" azpimarratu du. "Bakoitzak bere bezeroak eta bere espezialitateak ditu. Bilbao Zerbitzuaketik lanean jarraituko dugu, ezaugarri nagusi kalitatea, prezioa eta tratua duten hornidura gune horien garrak piztuta jarrai dezan".

Horrela hasi dira egun hauetarako, Merkatuaren 50. urteurrenaren ospakizunen barruan aurreikusten diren jarduerak. Biharko, maiatzaren 13rako, Txurrut bermutaren dastatzea egingo da, Residence tabernako Manu Iturregi tabernari bilbotarraren eskutik. Goizeko 11:00etatik 14:00etara izango da, eta jende guztiarentzat zabalik egongo da.

Eta ospakizun ekitaldiei amaiera emateko, larunbatean, maiatzaren 14an, protagonistak txikienak izango dira, merkatuaren etorkizuneko bezeroak, hain zuzen ere. Goizeko 11:00etatik 14:00etara Oliver Magoaren magia ikuskizuna, etxean egindako Gelati Gelatiko izozkien dastatzea eta globoflexia izango ditugu.

Gainera, joan den apirilaren 25etik maiatzaren 14ra Labayruko Merkatuan egindako erosketa guztien artean zozketa egingo da.

Mende erdi erakusmahaiaren beste aldean

Merkatua Amezola eta Indautxu auzoen artean dago, eta 2008tik irudi berriztatua du, Bilboko Udalaren laguntzaz egin zen zaharberritze lan sakona dela eta. Irudi berri horrek tradizioa eta modernotasuna uztartzen ditu, eta betiko bezeroei eusteaz gain, pixkanaka bezero gazteagoak erakartzeko aukera eman du. 

Une honetan, Labayruko Merkatuaren 2.264 m2ak jendearentzako salmentako 15 postuk hartzen dituzte, hornidura gunearekin batera irekitakoak, duela 50 urte. Hornidura guneak eskaintza zabala du: arrainak, itsaskiak, haragiak, urdaitegia, fruta eta barazkiak, patatak, ozpinetakoak, okindegia, eta baita Italiako gastronomia tipikoan espezializatutako postu bat ere.