Eskatutakoa ez da EH Bilduk esandako zerbait, 2006an onartutako Bilbo inguruneko LPPak aipatzen du ibilgailu pribatua saihesteko, bizikleta "oso irtenbide egokia dela eta ondorioz administrazio publikoen aldetik bultzatu beharrekoa" (2006ko azaroaren 7ko EHAA 212 zenbakian argitaratutako 179/2006 dekretuaren arabera). Onarpen horrekin batera hainbat proposamen egiten dira, besteak beste, ohiko garraio sistema gisa bizikleta sustatzea, kutsadura sor dezaketen ibilgailuen erabilera gutxitzeko amoz, kontzientziazio kanpaina ezberdinak burutuz; bizikleta-bidexka sare bat (bidegorri sarea) sortzea; bizikletetarako aparkaleku bereziak instalatzea zerbitzu, komertzio eta aisi guneetan, plazetan, enpresa guneetan, eta trafikoa pilatzen den guneetan, orokorrean; eta natura interesa duten guneak edota ibaiertzak mugatzea, lurraren gaineko eragina gutxitzeko xedez.
Beste alde batetik, Laudio funtzio guneko LPPan, 2005eko urtarrilaren 25ean onartuta, Nerbioiko Parke Lineala eta Nerbioiko bizikleta-ardatza azaltzen dira.
Beraz, LPP hauek inplementatzeko bidean, bi proiektu ezberdin eratu ziren Hego Uribe eskualdearekin zerikusia daukatenak, alde batetik, Bizkaiko Foru Aldundiaren Plan Director Ciclable 2003-2016 'Bizkaia Bizikletaz' eta, bestetik, Eusko Jaurlaritzaren Nerbioiko Parke Lineala eta Nerbioiko bizikleta-ardatza.
Bi proiektu hauek dira EH Bilduk bukatu nahi dituenak, "bi proiektuak eskualdearentzat oso garrantzitsuak direlako".
Bien artean bi bidegorri sare osatzen dute. Alde batetik, Urduña, Amurrio, Luiaondo (Aiara), Laudio, Arrankudiaga-Zollo eta Arakaldo udalerrietatik igaroko litzatekeena.
Bestetik, Bilbotik Arakaldora: Bilbo, Etxebarri, Basauri, Galdakao, Arrigorriaga, Ugao, Zeberio, Arrankudiaga-Zollo eta Arakaldo udalerriak lotuko lituzkeena; "horrela Arakaldon bi sareak lotuko lirateke".
Proiektu hauek "berebiziko garrantzia dute" mugikortasun eredu desberdin batzuen alde egiteko, eta ondorioz horrela eskatuko diete EH Bilduko kideek Bizkaiko Foru Aldundiari eta Eusko Jaurlaritzari, "beraiei baitagokie agindutakoa betetzea", eta horren berri emango diete baita ere Bizkaiko Batzar Nagusiei eta Eusko Legebiltzarrari.
Argazkia: mugibili.euskadi.eus