2014-2015 ikasturtean ere, 5.000 ikasle inguruk hartu zuten parte Udaltzaingoak garatutako bide-hezkuntzan laguntzeko programan. Horrela, bada, hirian dauden 62 ikastetxetik 61eko lehen hezkuntzako 5. eta 6. mailetako 4.981 ikaslek jaso zuten lau ordu eta erdiko prestakuntza, euskaraz eta gaztelaniaz, udaltzaingoko agente biren eskutik.
Horietatik, % 40,8 ikaslek (2.031) euskara hutsean egin zuten jarduera, % 38,3 ikaslek (1.090) euskaraz eta gaztelaniaz; eta % 20,9 ikaslek (1.041) gaztelania hutsean.
1993an Bilboko Udaltzaingoak bat egin zuen EAEko eskoletako bide‑hezkuntzan laguntzeko programarekin eta, ordutik hona, etengabeko prestakuntza-lanak egin ditu bide-hezkuntzaren arloko balioak erakusteko, ezagutzak irakasteko eta jarrerak garatzeko.
Metodologia dinamikoa eta parte-hartzailea
Jarduera hau 10 eta 12 urte bitarteko ikasleentzat da. Ikasleak eta irakasleak autobusean joaten dira bide-hezkuntzako udal pistara eta ibilbide hori aprobetxatzen da bidaiari eta oinezko modura dauzkagun bide-jarrera seguruak bertatik bertara lantzeko.
Hortik aurrera, prestakuntza bi zatitan egiten da:
- Lehena ikasgelan eta eduki teorikoa modu dinamiko eta parte-hartzailean lantzen da. Ahozko azalpena, ikus-entzunezko baliabideak eta taldeko lanak uztartzen dira gogoeta egiteko: arriskuaren pertzepzioa, jarrera seguruak, bizikidetzako arauak edo eragin arriskutsuei aurre egiteko estrategiak. Gero, jarreren erantzukizunaren inguruko kasu zehatzak edo istripuak gertatzeko arrazoiak aztertzen dira.
- Bigarren zatian ezagutzak aplikatzen dira eta praktikan zein bizipenetan oinarritzen da. Simulazioko eta rol playing-eko teknikak garatzen dira mugikortasunaren arloko hiru rolak bizitzeko: oinezkoa, txirrindularia eta ibilgailu motordun bateko gidaria. Zirkuitua bide‑hezkuntzako pistan egiten da; 6. mailako ikasleen kasuan, bidegorritik joaten dira bizikletan, pistako instalazioetatik Udaletxera eta buelta.
Bide-hezkuntzako pista berritua
Atzo goizean, Tomas del Hierro Herritarren Segurtasun Saileko zinegotzia eta gainerako zinegotziak bide-hezkuntzako udal pista berrituan izan ziren hezkuntza-jarduera bertatik bertara ikusteko. Pista hori Madariaga etorbidearen eta Morgan kalearen gurutzean dago eta atzo goizean Berrio‑Otxoa HLBHIPko lehen hezkuntzako 6. mailako ikasleak joan ziren.
2016an, Udalak hobekuntza-lanak egin ditu bide-hezkuntzako pistako hesian, asfaltoan eta seinale horizontaletan. Era berean, ikasleek praktika pedagogikoa egiteko dauzkaten 30 bizikletak berritu ditu. Hobekuntza bietan 76.573 euroko aurrekontua izan da.
Erantzukizun partekatuari buruzko kontzientzia
Bilboko Udaltzaingoak 23 urte daramatza bide-hezkuntzan laguntzeko programa egiten. Lan hori tokiko poliziaren eskumenen barruan dago, bai eta gizartearen sektore desberdinetara hurbiltzeko ahaleginaren barruan ere, kasu honetan ikuspuntu pedagogiko eta hezkuntzako batekin.
Era berean, Udaltzaingoak kontroleko eta zaintzako zenbait kanpaina egiten ditu urtero bide-hezkuntzaren arlo desberdinetan (harrapaketak, zikloen eta ziklomotorren zirkulazioa, lotzeko sistemak ondo erabiltzea, abiadura, etab.) EAEko Bide Segurtasun eta Mugikortasun Seguruko Plan Estrategikoaren barruan, gidariek eta oinezkoek jarrera arduragabe baten arriskuetan daukaten erantzukizun partekatuari buruzko kontzientzia pizteko.