Indarkeria sexista

Bi gizonen bila ari da Polizia 24 urteko emakume bati sexu erasoa egiteagatik

uriola.eus 2016ko mai. 17a, 11:15

Larunbatean, maiatzak 14, bi gizon 24 urteko emakume batengana hurbildu ziren, bortizki bere gainera bota eta poltsa tiraka kendu eta gero, ukituak egiten hasi eta atzamarrak sartu zizkioten aluan. Alde egin aurretik, erasotzaileek mehatxu egin zioten: "Kontuz, badakigu eta non bizi zaren". Ertzaintza eta Udaltzaingoa bi gizonen bila dabiltza.

07:30ak aldera izan zen erasoa Trenbide etorbidean, Ametzolako biribilgunetik gertu. 24 urteko emakume bat bere etxetik atera zen, lanerako bidea hartuta. Erasotzaileak beregana hurbildu ziren, lurrera bota zuten bidegorriaren aldean, eta poltsa kendu zioten tiraka.

Behin lurrean zegoela, bere gainean bota ziren emakumea inmobilizatuz eta ukituak egin zizkioten gorputzean zehar. Gerora, hainbat arropa kendu eta atzamarrak aluan sartu zizkioten erasotuak esandakoaren arabera.

Gertu zegoen lekuko batek emakumearen oihuak entzun zituen eta erasoaren tokira hurbiltzean, erasotzaileek poltsa lurrera bota zuten hainbat gauza hartu eta gero, eta ihesi atera ziren. Joan aurretik mehatxu egin zioten: "Kontuz, badakigu eta non bizi zaren".

24 urteko neska ospitalera eraman zuten eta bertan mediku forentse batek aztertu zuen, protokoloak agindu bezala. Jarraian, Ertzaintzak ikerketa abiatu zuen eta erasotzaileen deskribapen zehatza badute ere, oraindik ez dituzte topatu.