Ernest Hemingway idazle ospetsuaren ibilbidea gogoratu dute Bilbon. Xabier Ochandiano Bilboko Udaleko Garapen Ekonomiko, Merkataritza eta Enplegu Zinegotziak ongi etorria eman dio John Hemingwayri, nobel saridunaren bilobari, izan ere, haren aitonak Euskal Herrian gehien ibilitako lekuak bisitatzen dabil egunotan, Eusko Jaurlaritzak, EAEko hiru hiriburuetako udalek eta Urdaibai eskualdearen Landa Garapenerako Urremendi Elkarteak gonbidatuta.
John Hemingwayren bisita, mundu osoan ospetsua bilakatutako idazlearen aztarnak Estatu osoan jarraitzeko asmoz gurera heldu diren National Geographic Traveller aldizkariko hainbat txinatar kazetariren famtrip-arekin bat dator. Euskal Herrian zehar antolatutako bisita Bilbon amaituko da gaur.Haren abiapuntua Carlton Hotela izango da, hain zuzen, Bizkaira etortzen zenean Hemingwayk ostatu hartu ohi zuen lekua, garai hartako beste pertsonaia ospetsu batzuen modura, esate baterako, Lauren Bacall.
Uda arriskutsua
Vista Alegreko zezen-plaza ibilbide honetako beste mugarri bat izan da, batez ere, amerikar idazlea zezenketen zaletua zela kontuan hartzen badugu. Plazako museoan "Uda arriskutsua" obraren zati bat irakurri dute. Honetan, Luis Miguel Dominguinek betiko arerioarekin, Antonio Ordoñezekin izandako eskuz eskukoan zezenak nola harrapatu zuen kontatzen da.
Gainera, Bilboko zezen-plazarako bisita horretan Hemingway Vista Alegren egon zeneko argazkiak ikusgai egon dira. German Elorzak hartutako irudi-sorta Eusko Ikaskuntzak beren beregi laga ditu ekitaldi honetarako.
Hemingwayren aztarnak Arte Ederretako Museoan ere daude. Bilboko pinakotekan, John Hemingwayk, haren bilobak, Ernest Hemingway eta bere laguna zen Juan Duñabeitia (Simbad Itsasgizona edo Sinsky goitizenez) agertzen diren Ucelay euskal margolariak egindako margoa ikusi ahal izango du.
Ibilbidea Zazpikalen amaitu da, sukaldaritzari txanda emanda. Victor jatetxean idazleak gustuko zituen platerak dastatzeaz gain, famtrip-ak Luciano bisitatu du, orduko lokal ezagunen eta bisitatuenetakoa.
Euskal pilota, idazlearengan grina pizten zuten beste ikuskizunarekin amaiera eman diote bisitari, Artxanda Pilotalekuan egingo den zesta-puntako erakustaldiaren bidez.