Portu-hirien esperientziak aztergai

uriola.eus 2016ko mai. 25a, 09:45

Uraren eszenatoki berrien inguruan eztabaidan ariko dira bi egunez arkitekto eta hirigile prestigiotsuak, BIA Forumean. Ur fronteek (waterfronts), hirien zaharberritzean duten garrantzia aztertu, aukera posibleak zehaztu eta uholdeen aurkako segurtasun-neurriak eta ingurumen-kalitatea kontutan hartuta, hiri-lurzorua atzeratzeak izan ditzakeen abantailak aztertzea izango dute xede. 

Manuela Gatto, orain gutxi hil den Zaha Hadidekin Zorrotzaurreko proiektuan lan egin zuena; Joan Busquets, Bartzelona olinpikoaren eraldaketan protagonista nabarmena izan zen Harvard Unibertsitateko irakaslea; Rita Justesen, Copenhageneko plangintza bulegokoa; eta Rinio Bruttomesso, Portuen eta Hirien arteko Lankidetzarako Nazioarteko Elkarteko (RETE) presidenteordea eta zientzia batzordearen zuzendaria, dira uztailak 14 eta 15ean BIA Forumek Bilbon antolatu duen kongresuan parte hartuko duten arkitekto eta hirigile prestigiotsuetako batzuk, uraren eszenatoki berrien inguruan eztabaidatzeko.

Izaera zientifikoa duen kongresu hau, Bizkaia Aretoan (UPV/EHUko Paraninfoa) eta Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialaren Delegazioak (EHAEO) Bilbon duen egoitzan garatuko da bi egunetan zehar. Kongresuaren programan, alde batetik, izen handiko profesionalek emandako eskola magistralak izango dira, eta bestetik, ikertzaile eta ikasleen lanen artetik, zientzia batzordeak hautatuko dituen  komunikazioak. Lehenengoen artean, Valentziako Rafael Temesek eta Palermoko Sebastiano Provenzanok ere etorriko direla baieztatu dute.

Eztabaidak, hurrengo uztailean, 300 arkitekto eta hirigile baino gehiago bilduko ditu Bizkaiko hiriburuan, mundu guztiko portu-hirien esperientziak ezagutzeko eta kaia, ibaiertz eta kostaldeak orokorrean (waterfront areas) nola berreskuratu daitezkeen eztabaidatzeko. Normalean, eremu zabal eta konplexuak izaten dira eta hauen birmoldaketa hamarkadetan zehar luza daiteke.

BIAk, aditu eta hirigileekin, eztabaida espazio bat zabaldu nahi du. Horrela, ur fronte hauek (waterfronts), hirien zaharberritzean duten garrantzia aztertu, aukera posibleak zehaztu eta uholdeen aurkako segurtasun-neurriak eta ingurumen-kalitatea kontutan hartuta, hiri-lurzorua atzeratzeak izan ditzakeen abantailak ikustea da asmoa.

BIA Forumaren bigarren edizioak, arkitekturarekin erlazionatutako hainbat ekintza batuko ditu hurrengo egunetan, bai profesionalentzako eta bai publikoarentzako orokorrean. Lehen mailako txostengileak dituen nazioarteko kongresuaz gain, BIA Forum 2016aren programak, erakusketak, workshopak, Bilboko itsasadarretik ibilbide arkitektonikoak eta haurrentzako ekintzak barneratzen ditu. Ekimen honen helburua, herritarrak hiriko etorkizunaren eztabaiden partaide izatea da.

BIA 2016 Foruma, Euskal Herriko Elkargo Ofizialak (EHAEO) Bizkaian duen Delegazioaren eta Bilboko Udalaren ekimena da, Bizkaiko Foru Aldundiaren, Eusko Jaurlaritzaren eta Tecuniren laguntzarekin. 

biarchitecture.org