‘Bilbao Iparra-Hegoa’ sariaren VI. ediziorako deialdia zabaldu dute

uriola.eus 2016ko mai. 27a, 08:30

Bilboko ikastetxeen elkartasunezko jarduerak goraipatzen dituen 'Bilbao Iparra-Hegoa' sariaren seigarren ediziorako deialdia egin du Udalak. Iparrak eta Hegoak elkar ulertzeko, elkarrengana hurbiltzeko eta elkarri begirunea edukitzeko zubiak egiten laguntzen duten irakasleen eta ikasleen lan desinteresatua indartuko du edizio berri honek. 

Elkartasuna sustatzea eskoletan eta eskoletatik

Lankidetzarekin eta elkartasunarekin zerikusia duten jarduerak garatzen aritu diren ikastetxeak aurkez daitezke sariketara. Jardueren protagonistak Lehen Hezkuntzako, Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko edota gradu ertaineko prestakuntza-zikloetako ikasleek izan behar dute. Horretarako, ikastetxean azken bost urteotan egindako jardueren memoria bat aurkeztu behar dute. Jarduera horietako bat 2015-2016 ikasturtean burutu behar izan dute.

Ikastetxeek euren hautagaitzak aurkez ditzakete Udaleko Erregistro Orokorrean edo barrutietako udaltegietan 2016ko urriaren 15era arte.

Seigarren edizioko saria (ohorezko aipamena eta 3.000 euroko dotazio ekonomikoa) nori eman erabakiko duen epaimahaian bederatzi pertsona egongo dira: Berdintasun, Lankidetza, Bizikidetza eta Jaietako Saileko zinegotzia, udalean ordezkaritza duten alderdi politikoetako pertsona bana, Lankidetza Kontseiluaren kide bi eta garapenerako lankidetzan eta Giza Eskubideen defentsan izen ona duten entitateetako ordezkari jardungo duten beste pertsona bi.

Epaimahaiak sariak ematerako orduan irizpide hauek hartuko ditu kontutan: 

• Deialdiaren helburuarekin zerikusia duten ekintzetan ikastetxeak duen ibilbidea. 

• Jarduerak diseinatzeko, bultzatzeko eta gauzatzeko eskola-komunitateak, hau da, ikasleek, irakasleek eta gurasoek duten inplikazioa.

• Jarduerek zenbateko eragina duten herritarrengan, auzoan, barrutian zein udalerrian.

• Sariaren dirua deialdiarekin lotutako helburuetarako izatea.

Ikastetxeek 'Bilbao Iparra-Hegoa' sariketaz informazio gehiago jaso nahi izanez gero, Berdintasun, Lankidetza, Bizikidetza eta Jaietako Sailera jo dezakete, 94 420 42 03 telefonora deituta edo helbide elektroniko honetara idatzita: cooperacion@bilbao.eus

Eskola solidarioen modalitateko V. edizioa

2015eko 'Bilbao Iparra-Hegoa' sariketaren eskola solidarioen modalitateko saria Garcia Rivero Maisua eskolak irabazi zuen. Auzoko agenteak -hezkuntza-komunitatekoak ez ezik, familiak, merkatariak eta elkarteak ere bai- integrazioaren eta kultura aniztasunaren alde inplikatzeko egindako lanarentzat onarpena da saria. Horrela, eskolako ikasleen jatorrizko herrialdeei duten garrantzia eman nahi izan die eskolak egindako lanaren bidez. Jarduera bi azpimarra daitezke batez ere, etorkin-portzentaje handia duen Garcia Rivero Maisua eskolak ezaugarri dituen zenbait balio, hala nola, begirunea, aniztasuna, elkartasuna eta kultura aniztasuna, sustatzeko burututako ekintzen artetik.