Aste Nagusia 2016

Bihar amaituko da Aste Nagusiko Bertako Metal-Pop Rock Erakusketan parte hartzeko epea

uriola.eus 2016ko mai. 30a, 09:21

Aste Nagusian egingo den Bertako Metal-Pop Rock Erakusketaren edizio berria martxan jarri du Udalak eta parte hartzeko epea bihar, maiatzak 31, bukatuko da. Aurten ere, parte hartu nahi duten taldeek izen ematea online egin behar dute www.bilbao.eus orrialdean.

Aurreko edizioetan bezala, erakusketan parte hartu nahi duten taldeek Bizkaikoak izan behar dute; gutxienez kideetako bat Lurralde Historikoan erroldatuta egon beharko da. Errepertorioari dagokionez, metalaren eta pop-rockaren barruko estilo guztiak onartuko dira, jazza izan ezik. Aste Nagusirako antolatuko duten kontzertua gutxienez 45 minutukoa eta gehienez 50ekoa izango da.

Parte hartu nahi duten taldeek www.bilbao.eus web orriko agendan eman behar dute izena; bertan jasoko dituzte parte hartzeko bete behar diren baldintzak ere. Berdintasun, Lankidetza, Bizikidetza eta Jaietako Sailak parte-hartzaileei, gutxienez lau lan original aurkezteko eskatzen die, baita bibliografia, argazkiak eta harremanetarako datuak ere. Kanten hizkuntza, edo hizkuntzak, estiloa eta kideen izenak ere adieraziko dituzte.

Berdintasun, Lankidetza, Bizikidetza eta Jaietako Sailak adierazi du aukeraketa egiteko orduan modu positiboan baloratuko direla emakumeek osatutako taldeak eta euskaraz egindako lanak.

Sare sozialak

https://www.facebook.com/metalpoprockastenagusia  

https://www.youtube.com/user/poprockastenagusia 

https://www.twitter.com/MetalPopRockAN 

Posta-elektronikoa: poprockastenagusia@gmail.com