Igandean, ekainaren 5ean, Ingurumenaren Egunarekin bat etorriz, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak antolatutako Uraren Jaiaren 24. edizioa ospatuko da Beteluriko Edateko Uren Tratamendutegian, Arrigorriagan. Jaiaren helburua izango da populazioa, eta, bereziki, txikienak, ura arrazoiz erabili beharraz eta uraren kutsadura saihestu beharraz sentsibilizatzea, uretako ekosistemen iraupenerako berme gisa.
Jolas eta hezkuntza arloko jarduera hau tratamendutegiaren ondoko zelaietan egingo da, 10:30etik 14:00etara bitartean, eta milaka pertsona gerturatuko direla espero da, batez ere Bizkai osoko eskola-umeak. Egun osoan zehar, bisita gidatuak egingo dira taldeka, begirale espezializatuekin, edateko uraren tratamendutegiaren funtzionamendua ezagutzeko. Izan ere, Beteluriko tratamendutegia Ur Partzuergoak kudeatzen duen garrantzitsuena da.
Programatutako jardueren artean, igandean Beteluriko zelaietara bertaratuko direnek tailer didaktikoetan (makillajea, irratia, birziklapena, pintura...) nahiz zientzia eta arte tailerretan parte hartu ahal izango dute. Gainera, puzgarrien parkea, igerileku txikiak arrantzan egiteko eta ontziak, ludoteka, musika-tresnen eremu bat, abentura-zirkuitua eta goming izango dituzte haurrek, ondo pasatzeko. Aurten ere photocalla jarriko da, nahi duen orok argazkia eraman dezan etxera, egunaren oroigarri.
Bestetik, goizeko lehen ordutik, txaranga bat ibiliko da esparruan zehar eta kaleko antzekia ere izango da; halaber, Potxin eta Patxin pailazoen eta Tor magoaren emanaldiak izango dira, bai eta diskofesta ere. Esparrua irratiko esatari batek girotuko du, sariak zozketatuko dira, eta fruta eta ura egongo dira dohainik jende guztiarentzat; ura, hain zuzen ere, etxera eraman ahal izango den edalontzi txiki biodegradagarri batean banatuko da.
13:30ean, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak haurrentzat antolatutako marrazki lehiaketako sariak banatuko dira, eta, jarduerari amaiera emateko, 14:00etan, urari eta ingurumenaren zainketari buruzko mezuak izango dituzten globoak (biodegradagarriak) askatuko dira. Instalazioek beharrezko zerbitzu guztiak izango dituzte, bai eta bularra emateko eremua (aldatzeko mahaiarekin) eta haurtxoei jaten emateko lekua ere.