Erosketen gau handia ospatuko da gaur, 'Bilbao Shopping Night'

uriola.eus 2016ko eka. 3a, 08:00

Bilboko erdialdeko 120 denda eta establezimenduk baino gehiagok parte hartuko dute ekimenaren laugarren edizio honetan. Eguna 23:00ak arte luzatuko da eta hainbat gauza egongo dira: zuzeneko musika, dastaketa gastronomikoak, garagardo festa bat, merkatu bat Ercilla kalean, jarduera solidarioak, sustapenak eta deskontuak hiriko denda ospetsuenetako batzuetan.

Bilbok gaur izango du erosketen gau handia, 'Bilbao Shopping Night'. Laugarren edizio honetan jarduera ludiko eta kulturalen programa zabala egingo da Bilboko dendetako eta ostalaritzako ohiko bezeroentzat eta egunotan Makina-Erremintaren Biurtekoagatik eta 'El Sol' Komunikazio Publizitarioaren Jaialdi Iberoamerikarragatik urian dauden milaka pertsonentzat.

Bilboko merkataritzaren gaueko jai handia Xabier Ochandiano Ekonomi Garapen, Merkataritza eta Enplegu Saileko zinegotziak eta Jorge Aio BilbaoCentroko presidenteak 'Bilbao Shopping Night 2016'-ko gune nagusiak bisitatzen dituztenean hasiko da. Ibilbidea 19:30etan hasiko da Ercilla kalean, Moyua plazaren ondoan, ballet klasikoaz, globo-askatze sinboliko batez eta zuzeneko musika-emanaldi batez alaituta.

Horrela, bada, Bilboko Udalak 'Bilbao Shopping Night' gauari orain arte eman dion laguntza berresten du. Ekimen hau 2013an jarri zuen abian BilbaoCentro merkatarien elkarteak eta laugarren edizio honetan 120 denda eta era guztietako establezimendutik gora izango dira.

Laugarren 'Bilbao Shopping Night' 23:00ak arte luzatuko da eta hainbat gauza izango dira: The Groovies taldearen emanaldi mugikorra, kamioi baten gainean, U2 taldeak New Yorken egindakoaren antzean; biergarten edo garagardo festa La Moderna urdaitegiaren eta Thate neba-arreben eskutik; merkatua Ercilla kalean uriko dendarik garrantzitsuenetako produktu-sorta zabalekin; DJen emanaldiak, zuzeneko musika, dastaketa gastronomikoak, jarduera solidarioak, eta sustapenak eta deskontuak uriko dendarik ospetsuenetako batzuetan.

Horrela, bada, 'Bilbao Shopping Night'-ak beste behin aldarrikatzen du Bilboko denden kalitatea eta barietatea, ostalaritzari eta haren eskaintza gastronomiko bikainari eman beharreko laguntza, Bilboko modaren garrantzia, eta kalitatezko jarduera komertzial bat Bizkaiko uriburuko erakargarritasun kultural eta aisialdiko pizgarri handiekin lotzeko garrantzia turistikoa.

Gainera, oraingoan Bilbao Exhibition Centrek (BEC) bat egingo du BilbaoCentroko jai komertzial honekin eta Makina-Erreminta Biurtekoa bisitatzen ari diren eta Euskalduna Jauregian 'El Sol' Komunikazio Publizitarioaren Jaialdi Iberoamerikarrean parte hartzen ari diren milaka pertsonek bariku gau paregabeaz gozatu ahal izango dute Bilbon, uria pil-pil betean dagoelarik.