Gaur erabakiko dute Cabacasen auziaren etorkizuna

uriola.eus 2016ko eka. 6a, 10:04

Bihar, asteartea, bukatzen da Iñigo Cabacasen heriotza ikertzeko instrukzio fasea burutzeko legez ezarritako epea eta beraz, Ana Torres epaileak gaur erabaki beharko du instrukzio fasea amaitutzat emango duen, epea luzatuko duen, epaiketa egin edota auzia artxibatzea. Iñigo Gogoan herri ekimenak eserialdia deitu du 12:00etatik 13:00etara Albiako Lorategietan. 

Aukeretako bat instrukzio fasea luzatzea izan daiteke eta hori bera eskatu du Jone Goirizelaiak, Cabacas familiaren abokatuak. Izan ere, proba gehiago egitea eskatu du abokatuak, tartean, El Correo egunkarian aurreko astean kaleratutako auziperatutako ertzainen adierazpenen aurrean, hauek berriro deklaratzea eskatuko du. Adierazpen horietan auziperatutako ertzainek momentura arteko isilaldiarekin bukatu zuten esanez, "salduta" sentitzen direla. Gainera, haiekin batera, 2012ko apirilaren 5ean, Maria Diaz de Haroko kalezuloan egondako gainerako poliziei "gezurretan" aritzea leporatu zieten. Gehitu zuten ere, auzipetuta ez dauden ertzain horien artean dagoela Cabacas hil zuena.

Cabacas familiaren akusazio partikularra instrukzio fasea luzatzearen aldekoa bada ere, zenbait hedabidek aurreratu dute azken aldian, Pilar Jimenez fiskalak ez duela luzapena eskatuko. Beraz, epaileak ez balu epea luzatuko eta instrukzio fasea itxiko balu, bi aukera leudeke; auzia artxibatzea edota epaiketa egitea.

Gaurko egunean, Iñigo Gogoan plataformak elkarretaratzea egingo du epaitegien aurrean; hain zuzen ere, 12:00etatik 13:00etara, eserialdia egitera deitu dituzte herritarrak Albiako Lorategietan. Honen bidez, beste behin, Cabacasen auzian "justizia" eskatuko dute. Albiatik Buenos Aireseko epaitegietara mugitzeko asmoa ere agertu dute.