Hain zuzen, hiribilduko merkataritza-jarduera sustatzea da ekimenaren xedea. Ekimenaren seigarren edizioa aurkeztu da gaur egindako ekitaldian, Xabier Otxandiano Garapen Ekonomikoa, Merkataritza eta Enplegu Zinegotzia, Juan Zapater Bilbao Arte Fundazioko Duzendaria eta Arantza Lauzirika EHUko Arte Ederren Fakultateko Dekanoaren parte-hartzeaz bildu diren.
Artista berrien sorkuntzen bidez, hiriaren merkataritza-eskaintza erakargarria aberastuko da gaur hasi eta ekainaren 18ra arte. Gazte guztiek Bilbao Arte Fundazioko tutore bat izango dute, sormen-prozesu osoa gainbegiratzeaz eta saltokien eskaerak ikasleen arte-proposamenekin bateratzeaz arduratuko dena. Merkataritza-establezimenduetan ikusgai egoteaz gain, Erriberako Merkatura eta Plaza Biribileko Turismo Bulegora zabalduko da Arteshop Bilbao 2016; izan ere, bertan, ekimenean tutore lanak egingo dituzten Bilbao Arte Fundazioko artisten artelanak ikusgai jarriko dituzte.
Arteshop Bilbaok hiriko saltokien babes beroa jaso du. Bilbao Ekintza arduratu da 75 establezimendu parte-hartzaileak aukeratzeaz izena ematen lehenak izan diren eta oinarrietan ezarritako irizpideak betetzen dituzten guztien artean. Bestalde, Arte Ederretako ikasleen artean ere ekimenarekiko interesa hedatu da, guztira, parte hartzeko 110 eskabide aurkeztu baitziren. Horrez gain, hiriko artistek lehiaketan inplikatu nahi eta Bilbao Arte Fundazioan 390 eskabide erregistratu dituzte, 10 tutoreetako bat izateko. Bilbao Ekintzak, berriz, 400 euroko diru-laguntza eskaintzen die ikasleei eta 600 eurokoa tutoreei, proiektu artistikoak ekoizteko eta garatzeko kontzeptu gisa.
Ibilbide gidatuak sari eta guzti
Iazko edizioan hasi ziren ibilbide gidatuek piztutako interesa ikusita, aurten ere errepikatu egingo dira. Nahi dutenek establezimendu parte-hartzaileak bisitatu ahal izango dituzte, eta, horrela, Arteshop Bilbaon parte hartzen duten artelanak eta saltokiak gertutik ikusi ahal izango dituzte.
Jendeak merkataritza-ibilbidean parte har dezan, 50 euroko 20 sari zozkatuko dira, ekimeneko kide diren 75 establezimenduetan gastatu ahal izango direnak. Ibilbide bakoitzak hiru ordu inguruko iraupena izango du, eta Bilboko Abando, Indautxu, Uribarri, Santutxu, Txurdinaga, Otxarkoaga, Deustu, San Ignazio, Zazpi Kaleak eta Errekalde auzoak bisitatu ahalko dira.
Bisita gidatuetan parte hartu nahi dutenek 94 420 53 28 / 94 420 54 06 telefono-zenbakietara deituz edo comercio@bilbaoekintza.bilbao.nethelbidera mezu elektroniko bat bidaliz eman ahalko dute izena. Ibilbideak goizez (10:30etik 12:30era) eta arratsaldez (16:30etik 18:30era) egingo dira, eta www.arteshopbilbao.com webgunean bisiten inguruko informazio guztia dago eskuragarri.
Lehiaketa eta herritarren parte-hartzea
Arteshop Bilbao ekimenean, herritarrek aktiboki parte hartuko dute; izan ere, jendeak gustukoen duen proposamen artistikoaren aldeko botoa eman ahal izango du Bilboko Udalak antolatzen duen lehiaketan, obrarik onenak sarituko dituena. Publikoaren Saria 450 eurokoa izango da, eta, halaber, beste bi sari egongo dira. Artearen eta merkataritzaren esparruetan ibilbide ezagutua duten pertsonek osatutako epaimahaiak banatuko ditu azken bi horiek. Epaimahaiak artelanik onenak aukeratuko ditu aldez aurretik hiru erakunde sustatzaileetako ordezkariek (Bilbao Ekintza, UPV/EHU eta Bilbao Arte Fundazioa) egindako hamar onenen hautaketatik. Epaimahaiaren lehenengo saria 1.200 eurokoa izango da, bigarrena 900 eurokoa eta hirugarrena 600 eurokoa.
Publikoaren Sariak merkatariek eta artista berriek elkarlanean egindako lanaren aitorpena da, baita herritarrak ekimenean parte hartzeko bide bat ere. Bozkatzeko, saltoki parte-hartzailean ikusgai egongo den doako telefono-zenbaki batera ditu beharko dute herritarrek.
Arteshop 2016 sariak banatzeko ekitaldia ekainaren 16an egingo da Erriberako Merkatuan.
Merkataritza-sustapenaren ekimen finkatua
Arteshop Bilbao ekimena merkataritza-dinamizaziorako eta sustapenerako jarduera berritzaile eta sortzaile gisa finkatu da sei edizioetan zehar. 2011. urtean sortu zen, Bilbao Ekintzaren babesa daukan Bilboko Saltoki Berritzaileak elkartearen ekimen baten eskutik. Lehenengo edizioan, guztira 20 establezimenduk parte hartu zuten esperientzia pilotu gisa. Urteek aurrera egin ahala kopuru hori ere handituz joan da eta egun 75 establezimenduk hartzen dute parte ekimenean. Artista berrien eta Bilboko merkataritzako profesionalen inplikazioari esker, ekimen hau hiriko merkataritza-egutegiaren ekitaldi garrantzitsuenetako bat da dagoeneko.