Literatura eta euskara xede duen jaialdiak bederatzigarren ediziora heldu da, aurretiaz Axularren Gero, Mogelen Peru Abarka, Jon Miranderen Haur besoetakoa, Saizarbitoriaren Hamaika pauso, Arantxa Urretabizkaiaren Zergatik panpox, Bernardo Atxagaren Obabakoak, Gabriel Arestiren Harri eta herri eta iaz Sarrionandiaren Narrazio guztiak izan dira protagonista.
Astelehenean izan zuten hasiera jardunaldiek Bernardo Atxaga euskal idazlearekin. Atxagak 'Metamorfosiaren irakurketaz' aritu zen Euskaltzaindiako egoitzan. Asteartean, Kafkan aditua den Bartzelonako Jordi Llovet eta Kafkaren liburu guztiak euskarara itzuli dituen Naroa Zubillaga euskalduna aritu ziren hizketan Euskaltzaindiako egoitzan. Asteazkenean, hilak 8, ekitaldi ezberdin bat egin zen Pedro Alberdi euskaltegiko irakasleak idatzitako testu batekin, bertan, ordu eta erdi inguruko emankizunean bi bertsolarik (Uxue Alberdik eta Andoni Egañak), Pello Ramirezen txeloaren eta akordeoiaren doinuen gainean bertso saioa eskaini zuten 'Kafkaren aulkia' izeneko ekitaldian. Hitza izango zen emanaldiaren ardatza: hitz idatzia eta kantatua, neurtua eta laua, bat-batekoa eta patxadaz hausnartutakoa.
Jardunaldien saio nagusia gaur, osteguna, Arriaga Antzokian egiten ari diren irakurketa-jaialdia da. Goizeko zortzietan abiatu du irakurketa Anton Garikanorekin, Kafkaren 'Metamorfosia' euskaratu duen idazlearekin eta hamabi ordu inguruko iraupena izango du. Bertan, 400 bat irakurle, 50 eragile sozial eta hainbat irakurle zein entzulek hartuko dute parte Metamorfosia liburuaren irakurketa jarraituan.
[2016-03-01] Kafkaren 'Metamorfosia' Bilboko irakurraldirako