Osasun eta Kontsumo Sailaren 'Ibiltarien Sarea' programako 2015-2016 ikasturteko azken juntadizoetako bat izan da gaurkoa eta bertan Juan Mari Aburto Bilboko Alkateak, Yolanda Diez Osasun eta Kontsumo Saileko zinegotzi ordezkariak eta beste zinegotzi batzuek parte hartu dute. Udaleko ordezkariak programako parte-hartzaileekin joan dira itsasadarreko pasealekuan zehar gaur egin duten osteran. Ibilaldia Udaletxean abiatu da eta Campo Volantin pasealekua eta Unibertsitateen etorbidetik aurrera, Botikazar erriberara eta Euskalduna zubira iritsi dira; handik, Udaletxera itzuli dira Uribitarte pasealekutik.
Ibilaldiak astelehenetik barikura, 11:00etatik 13:00etara, egiten dira eta ez dago izena eman beharrik. Egutegian azaldutako lekuan adierazitako orduan egotea nahikoa da parte hartzeko. Udalaren webgunean (www.bilbao.eus) eta barrutietako udaltegietan dago hileko egutegia. Gainera, iaztik ibilbideen xehetasunak jasotzen dituzten liburuxkak argitaratzen dira eta horiek herritarren esku daude barrutietako udaltegietan.
Aurtengo ikasturteko azken ibilaldia ekainaren 17koa izango da; batez beste, hilean 700 pertsonak parte hartu du programan. 2014-2015 ikasturtean, guztira, 5.500 bilbotarrek parte hartu zuten.
Ibilbide errazak
Programak ibilbide errazak proposatzen ditu, beste bilbotar batzuekin batera, uriko parke eta berdeguneez gozatzeko. Aukeratutako lekuetan jarlekuak, iturriak, komun publikoak, gimnasia egiteko zirkuitu txikiak eta beste azpiegitura batzuk egoten dira. Ibilaldien iraupena, gutxi gorabehera, ordu bikoa izango da. Hasieran berotze-ariketak egiten dituzte parte-hartzaileek eta behin ibilaldia amaituta luzatze-ariketa batzuk.
Esperientzia eta prestakuntza duten monitoreek gidatzen dituzte ibilaldiak eta jarduera dinamizatu eta atseginago egiten dute, ibilbideko puntu interesgarriei buruzko informazioa emanez eta oinetakoei, ibilbideei, luzatze-ariketei, hidratazioari eta beste gai batzuei buruz aholkuak emanez.
Denborarekin, lortu nahi da parte hartzen duten pertsonek euren aldetik talde-dinamika propioa edukitzea eta euren kontura barrutika taldeak sortzea eta antolatzea