Athletic

"Garrantzia gutxiko eztabaidak ekidin behar dira; neskek zaleen berotasuna sentitu behar dute"

Erabiltzailearen aurpegia Iker Elorriaga 2016ko eka. 7a, 11:13

Athleticek bere bosgarren liga irabazi du, bederatzi urte eta gero. Joseba Agirrek zuzentzen duen taldeak denboraldi bikaina erdietsi du aurten, partidu bakarra galduz eta jardunaldi baten faltan garaipena eskuratuz.

Horregatik, nahiz eta liga oraindik ez den bukatu, gaur bertan ospatuko dute Bilbon garaipena. Bartzelona ahalguztiduna menperatzea ez da egunero egiten den zehozer, eta merezimendu osoz hartuko dute Bilboko zaleen babesa. Taldeak egindako denboraldia ia ezin hobea izan da, eta maila bereko ospakizuna izango dute.

Denboraldi hasieran mutilek egindako plan berdina errepikatuko dute neskek. Lehendabizi Begoñoko Ama Birjinari eskainiko diote titulua. Meza ospatu ostean, udaletxera jaitsiko dira, eta bertan, arratsaldeko 18:30ak aldera, Aburto alkateak ongietorria emango die. Udaletxeko balkoira irtengo dira bilbotarren eta zaleen artean ospatzeko. Hori bukatzean, Foru Jauregiko harrerara joango dira, 19:30ak aldera, Unai Rementeriak zorionduko ditu bizkaitar guztien izenean, eta berriz balkoira irtengo dira, han bilduko diren zaleei garaikurra eskaintzera. Mutilek Superkopa irabaztean egindako ibilaldia eta ekitaldi berdinak edukiko dituzte.

Hala ere, ospakizunarekin kristoren eztabaida ireki da, bai sare sozialetan, bai komunikabideetan. Zale askok Gabarra ateratzea eskatu dute, neskak liga irabazi, eta merezi dutelako. Mutilak, Super Kopa irabazi zutenean ere eskatu zuten, eta bi kasuetan zuzendaritzaren erantzuna berdina izan da, ezezko biribila, eta ospakizun berdinak izango dituzte. 

Athleticen nesken taldeak liga irabazi zuenean, orain dela ia hamar urte, ez zuten Gabarrarik atera. Azken Gabarra 1984an atera zen, Athleticeko mutilek Liga eta Kopa irabazi zutenean. Josu Urrutiak zuzentzen duen taldearen pentsaera berdina da bi kasuetan, Gabarra Bilbo txiki geratzen denean aterako da, titulu handi batekin, ehun milaka bizkaitar biltzen direnean. Azkenengo Gabarran milioi bat pertsona bildu ziren ibilbide osoan zehar.

Ez dago besterik, ez da matxismoa, ez beste ezer. Athleticek urte asko darama nesken futbola sustatzen, neskak hezten eta beste nesken taldeak bultzatzen. Joseba Agirrek denbora darama nesken munduan; Pauldarrakeko entrenatzailea izan zen urte askotan eta ederto ezagutzen du nesken futbola. Berarekin bat Bingen Arostegi, Juan Luis Fuentes eta Iñigo Juaristi daude lanean. Athleticek nesken futbolarekin duen konpromisoa argia da.

Gabarraz gain, Bizkaiko nesken taldeen egoera ez da ona azken aldian. Krisiak arlo honetan eragina izan du ere. Hori bai izan daiteke kontuan hartzekoa, bermatu behar dena, eta ez nola heltzen diren neska udaletxera. Abanto bigarren mailan, La Merced eta Santutxuk Bizkaiko ligan, haien taldeak bertan behera utzi dituzte azken hiru urteotan, eta orain ez dituzte nesken taldeak ateratzen. Beste talde askok arazoak dituzte denboraldiei aurre egiteko, eta ez dira soilik diru kontuak.

Athleticen garaipena ederto datorkio Bilbo eta Bizkaiko nesken futbolari. Baina hori bultzatzea edota Gabarra eskatzea ez da berdintasun kontua; astebururo jokatzen duten neskak kontuan hartzea eta horiek animatzea izan beharko luke helburu nagusia. Garrantzia gutxiko eztabaidetan galtzeak ez dio onik egiten nesken futbolari, datorren denboraldian futbolean jokatzen jarraituko dutelako, beraien arazo guztiekin.

Eta neskak behar dutena zaleen berotasuna sentitzea da, eta horretarako gaur beraiekin egotea funtsezkoa da. Gero eta jende gehiago biltzen bada, gehiago suspertuko da nesken futbola, eta hurbilago egongo da Gabarra Athleticen emakumeen taldearentzat. Lortu dutena itzela izan da, eta zaleen erantzuna maila eta portaera berekoa izan beharlo litzateke.