Martxan da Euskal Hedabideen Behatokia

uriola.eus 2016ko eka. 8a, 09:00

Antena bat da Euskal Hedabideen Behatokia (Behategia). Antena bat hedabideen mundura zuzendua; eta antena bat euskal hedabideei begira dagoena, euskaraz diharduten hedabideen eragin kuantitatiboa eta kualitatiboa neurtzeko.

Behategia, beraz, bada tresna bat, hobetzeko. Bada espazio bat, arlo akademikoaren eta administrazioen parte hartzeari begira. Bada jarrera bat, kontziente izanik hedabideek duten jatorria —herri ekimena—, eta helburua: euskal hiztunen komunitateari zerbitzua eskaintzea eta komunikazioa sustatzea.

Horretarako, Hekimen Euskal Hedabideen elkartea eta UPV/EHUDeustuko Unibertsitatea eta Mondragon Unibertsitatea batu egin dira, hitzarmen bat sinatu dute elkarrekin eta lanean hasi dira.

 

behategia.eus

Ikerketak, txostenak, mapak, albisteak eta euskarazko komunikabideen datutegia kontsultatu ahalko dira webgunean. 

Paperean argitaratzen diren hedabideak, irratiak, telebistak eta Interneteko komunikabideak aurki daitezke.

Horrez gainera, euskarazko komunikabideekin lotuta azkeneko sei urteetan egin diren hainbat ikerketa irakur eta deskarga daitezke.

 

Erronkak

  • Datutegi bat osatzea sektorearen errealitatea hobeto ezagutzeko.
  •  Audientziak neurtzeko proposamenak egitea, bereziki Interneteko jarioari begira.
  •  Politika publiko berriak ezartzeko gogoeta egitea, laguntzeko sektoreak tresna eraginkorrak izan ditzan bere garapenerako.
  •  Unibertsitateen eta enpresen arteko zubi lana egitea, sinergiak aprobetxatu eta bide berriak esploratzeko.