Efemeride honen berrikuntzarik aipagarriena ekitaldiak ekainaren 15ean bakarrik ez izatea da. Horrelako egun batean sortu zuen hiria On Diego Lopez Harokoak. Aurten ekainaren 13tik 19ra arteko astean izango dira ekitaldiak. Horixe izango da 'Hiriaren Astea'. Gainera, hiriaren urteurrenetan partaidetzarik handiena izango duena aurtengoa izatea nahi da. Kontzertuak, lore-eskaintzak, bisita gidatuak, Gau Zuria…
Ekitaldi horietan guztietan, herritarrak ospakizunaren "ardatz" eta "eragile" izatea lortu nahi da. "Gure asmoa –esan du Alkateak– bilbotar guztiei zein Hiria bisitatzen dutenei urteurren hau hiri osoaren jaia dela sentiaraztea da; dantzan egin, kantatu eta ondo pasatzeaz gain, parte hartze aktiboa izan dezaten, gure hiriaren urteurrena baita".
Udalaren webgunean bilbotarren proposamenak
'Hiriaren Astea' astelehenean, ekainak 13, hasiko da. Parte hartu nahi duten pertsona guztiei, hau da, umeei, gazteei zein helduei gonbidapena egiten zaite bilbotar elementuei buruzko argazkiak, marrazkiak eta konposizio artistikoak bidaltzeko. Horiek gero udalaren webgunean (www.bilbao.eus) argitaratuko dira. Proposamen horiek ekainaren 19ra arte ere bidal daitezke helbide honetara: mailto:webmaster@bilbao.eus, sormen-lanaren izenburua eta egilearen izena azalduz.
Ekitaldi garrantzitsuenak
Ekainaren 15ean, 18an eta 19an izango dira ekitaldi instituzionalik garrantzitsuenak. Asteazkenean, ekainak 15, hiriaren sorreraren urteurrenean, 12:00etan, Alkateak, udalkideekin batera, Bilboko bandera igoko du. Ekitaldi solemne hau jendaurrean izango da eta 716. urteurrena betetzen dela gogorarazteko izango da.
Asteazken horretan, 19:00etan, Txistularien Bandak partaidetzan oinarritutako kontzertua eskainiko du Arriaga plazan. Aukeratutako partituren bidez herritarrei kantatzeko gonbidapena egingo zaie. Tradiziozko kanta ezagun zenbaiten hitzak jasotzen dituen esku-orriak banatuko dira jendearen artean, kantatzeko. Kanten artean, hauxek: Euskal Herrian Euskaraz (Oskorri); Bizkaia Maite (Benito Lertxundi) edota Lau Teilatu (Itoiz).
Partaidetzarik handieneko Gau Zuria eta Lore-Eskaintza
Bigarren ekitaldi nagusia zapatuan, ekainak 18, izango da, Gau Zuria alegia, baina aurtengo edizioan inoiz baino interaktiboagoa eta partaidetza handiagokoa.
Igandean, ekainak 19, azken ekitaldi instituzional handia izango da. Udalkide guztien segizioa izango da, Juan Mari Aburto Alkatea buru, Plaza Biribilean dagoen On Diego Lopez Harokoren eskulturaraino, Hiriaren sortzaileari lore-eskaintza egiteko.
Berritasun gisa, Udalak gonbita luzatuko die bilbotar guztiei eta Hirian bisitari dabiltzanei, segizioarekin bat egin eta lore-eskaintzan parte har dezaten. Horretarako, krabelin gorriak eta zuriak banatuko dira bertaratutakoen artean. Lore-eskaintzan, halaber, Hiriko gizarte, kultura, kirola eta ekonomiaren arloetako agintari eta pertsona ospetsuak bilduko dira (Bilboko Ospetsuak, merkaritza eta ostalaritza elkarteak...).
Aurreskua, ezpata-dantza eta jotak egongo dira herritarrek dantza egin dezaten, eta kontzertu bat egongo da 12:00etan Areatzako kioskoan. Bilboko Udalaren Bandak eskainiko du kontzertua. Obra klasikoak eta herrikoiak egongo dira eta herritarrei parte hartzeko gonbidapena egingo zaie. Kanten hitzak dituzten 250 programa banatuko dira jendearen artean. Kanten artean, besteak beste, hauek egongo dira: Himno al Athletic de Bilbao, Las Siete Calles eta De Atxuri al Arenal…
Bisita gidatuak Bilboko udaletxera
Osagarri gisa, ekainaren 15ean, 16an eta 17an bisita gidatuak egingo dira Bilboko Udaletxera, hiriaren historia ezagutzera emateko eta udal jauregiak ateak zabaltzeko. Gizarte osoari zein egunotan hirian bisitari dabiltzan pertsonei zuzendutako bisita hauek doakoak izango dira eta euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez egin ahalko dira.
Goizez zein arratsaldez egin ahalko da bisita. Hala ere erreserba egin behar da 944204354 telefonoan edo girpa@bilbao.eus helbide elektronikoan.
Era berean, eguenean, ekainak 16, Alkateak harrera egingo dio Udaletxeko Arabiar Aretoan Bizkaiko Gozogileen Alkartasunari. Hiriaren sorreraren urteurreneko ospakizunekin bat eginez, gozogileek Bilbao Tarta ekarriko dute. Urtero bezala, ikastetxe bat gonbidatuko da ekitaldira; oraingo honetan, Begoñako Andra Mari Ikastetxeko Lehen Hezkuntzako hirugarren mailako neska-mutilak bertaratuko dira.