Funikularra dohainik erabili ahalko da larunbat gauean eta igande goizaldean

uriola.eus 2016ko eka. 10a, 10:51

Artxandako funikularra aurten ere egun hauetan Bilbon egiten ari den film laburren eta bideoklipen nazioarteko jaialdiaren babeslea da eta ekainaren 11ko gauean eta ekainaren 12ko goizaldean, hau da, larunbat gauean eta igandeko lehen orduetan funikularra doan erabili ahalko da.

Larunbatean, 20:00etan Artxandako irristaketa-pistan hasiko da sari-banaketa eta amaiera-jaia, DJ baten musika eta proiekzioak egongo direlarik. Aurtengoa pista horretan ekitaldia egiten den bigarren urtea da.

Alfonso Gil alkateorde eta Mugikortasunaren Politiken, Etxebizitzaren eta Garapen Osasungarriaren koordinatzailearen hitzetan, iaz oso arrakastatsua izan zen ekitaldia; izan ere, 1.000 pertsona inguru egon baitziren. Modalitate artistiko honen zaleei gonbidapena luzatu die programatutako jarduerarekin bat egiteko. "Gure asmoa kultura jarduerari laguntzea da eta Bilbori gaueko bizia ematea. Horretarako, Udalak funikularra dohainik jarriko du goizaldeko 05:00ak arte”.

Programa

- 20:00etan Caostica jaialdiaren amaiera-jaia 'Artxandaggedon II', instalakuntza artistikoak eta performancea eta Mc Ramon Churrca.

- 22:00etan Atal 'Bizarra'. Proiekzioa. Ondoren, sari-banaketa. The Borbons (Estatuan lehenengo eta azken emanaldia). Dj Chavecito, Dj Mimoloco.

- 04:00etan Amaiera

Edonor sar daiteke doan, leku guztiak bete arte.

Castañosetik Artxandara

Funikularrak 3 minutuan lotzen ditu Castaños auzoa eta Artxanda. Lanegun guztietan funtzionatzen du, 07:15etik 22:00etara arte. Jaiegunetan 8:15etik 22:00etara eta udan (ekainean, uztailean, abuztuan eta irailean) 23:00etara arte. 15 minutuan behin egiten du bidaia, bidaiari asko daudenean izan ezik. Horrelakoetan sarriago funtzionatzen du geltokietan jendetza pilaketa kendu arte.