Bilboren urteurrena ospatzeko eta Gau Zurian parte hartzeko aukera izango dute hiritarrek asteburuan

uriola.eus 2016ko eka. 17a, 12:44
Argazkia: www.bilbao700.eus

Bihar, ekainak 18, larunbata, Bilbok bere gau handia ospatuko du, Gau Zuria. Jai horrekin gogoratzen da hiriko fundazioaren 716. urteurrena eta aukera paregabea da argiz eta soinuz, iradokizunez eta adierazpenez beteriko bide batean murgiltzeko.

Bilbao 700 Fundazioak urtero antolatzen du Gau Zuria eta edizio honetan berak ekoitzi du programa. Aitzakia perfektua da gaua bere pluraltasunean parerik gabeko uri batean bizitzeko. Uriaren sinfonia ederra.
Eta sinfonia hori lortzeko, Bilbao 700 Fundazioak 23 hitzorduko programa bat diseinatu du. Uriko 23 lekutan bilduko da herritarren interesa, Gau Zurian parte hartzeko eta interaktuatzeko.

Musika, antzerkia, argiztapenak, su artifizialak, dantza proiekzio multimedia eta ikus entzunezkoen instalazioak dira Bilboko itsasadarraren inguruan eratutako gau magiko horrek ekarriko dizkigun sorpresetako batzuk.
Euskal Herriko izaki mitologikoak, eskultura ibiltariak edo animalia erraldoi batzuk ere protagonista izango dira.

Eraikin esanguratsuak, Bilboko Udaletxea edo Foru Jauregia, eta ekipamendu kulturalak, adibidez Guggenheim Museoa, Euskal Museoa, Arte Ederretako Museoa, Alondegia-Azkuna Zentroa eta Itsas Museoa, oso garrantzitsuak izango dira larunbat gauean.

Dena prest eta gertu beste Gau Zuri bat bizitzeko, 20:30etik 02:00ak arte, gutxi gorabehera.
Ikuskizun guztien eta topaketa kulturalen programa eskuragarri izango da astelehenean, ekainak 13, Bilbao 700 Fundazioaren bulegoan (Zabalguneko eraikina, Zabalgune plaza 11, 1. Solairua) eta Bilboko Turismo Bulegoetan. Horrez gain, aurten estrainekoz kartelak eta eskuko programak eskuragarri egongo dira auzoetako saltokietan, non Gau Zuriko inguruan dagoen informazio guztia agertzen da.

Kontsultatu egitaraua www.bilbao700.eus webgunean.