Zerk bultzatuta erabaki zenuten Idomeniko errefuxiatuen kanpalekura boluntario moduan joatea?
Nati: Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformako bileretan parte hartzen hasi nintzen eta otsaileko manifestazioa eta gero lantaldearekin datuak biltzen hasi ginen. Komunikabideen bitartez ere jarraitu ditut albisteak. Momentu batean pentsatu nuen: ‘Nik joan nahi dut, ikusi behar dut’. Nire egonezina eta haserrea beste era batera plazaratzeko. Noiz, nora, nola joan pentsatzen hasi nintzen. Nire barruan zer edo zer mugitzeko eta indarrak hartzeko hartu nuen erabakia.
Adela: Idomenin egon garen lau pertsonaren artetik bi erretiratuta gaude. Kalean aurkitu ginen egun batean. Nahiko minduta geunden laurok komunikabideetan ikusten genituen irudiekin. Batetik, hara hurbiltzeko denbora eta aukera bagenuen eta, bestetik, hasieratik konturatu ginen ez gure gobernariek ez europarrek ez zutela lekukorik nahi han. Orduan lekuko gisa lan egitera joateko erabakia hartu genuen.
Nola antolatu zenuten Idomeniko errefuxiatuen kanpalekuko egonaldia?
Apirilaren amaieran Kioseko kanpalekua desmuntatzen ari ziren. Argi genuen lehenbailehen joan behar genuela, udan jende gehiago laguntzera joango da, eta orduan beharrizan handiagoa zegoen. Begenekien egunero aldatzen den errealitatea dela kanpalekuetakoa. Hasieran Idomeni inguruko kanpaleku batera joan behar genuen eskolan laguntzeko. Bueltaka ibili ostean, Idomenin bertan amaitu genuen. Maiatzaren lehen egunean heldu ginen, eta 13 egun eman ditugu Baby Hamman batean lanean.
Zelako lan mota egin duzue Idomenin?
Ur epelarekin eta jaboiarekin umeak bainatzeko lekua da Baby Hamman. Krema eta arropa garbia ere ematen zaie kanpalekuetako umeei. Egunean 100 bat ume bainatzen ziren bere amaren laguntzarekin. Guk antolaketa lanak egin ditugu.
Bestelako lanik egin duzue?
Nati: Goizean arropa bila joaten ginen biltegira. Mundu osoko jendeak emandako gauzez beteriko biltegia zen. Baina umeentzako kulero eta galtzontzillo nahikoa ez zegoenez, gure lagunek emandako diruarekin erosi genituen. Inguruko lagunek errefuxituen kanpalekura joatekoak ginela jakitean dirua eskaini ziguten. Gutiziaren bat ere erosi genien umeei. Sortu berria zen emakumeen hamman-erako ere erosi genituen kuleroak. Bestelako lan batzuk ere egin genituen, esaterako, egurra edota janaria banatu. Egon, milaka lan dago egiteko. Umeek, adibidez, ez dute eskolarik.
Idomeniko kanpalekua gaur egun ez da existitzen. Zuek etxera itzuli eta egun batzutara desmuntatu dute.
Adela: Hustu egin dute Idomeni. Guk ikusi eta bizitako guztia historia da jada. Baina beste kanpalekuetan, bizitzeko beharrizanak antzekoak direla suposatzen dugu: ura, ur epela ahal bada, argia, Idomenin ez zegoen argirik, janaria, batik bat elikagai freskoak behar dira, komunak, arropa, oinetakoak, emakumeak biltzeko tokia, eskola, jolasak… desberdintasun bakararrekin, Grezian gaur egun dauden kanpaleku gehienak militarrak dira, eta horietan errefuxiatuak isolatuta daude, kanpoko jenderik ezin da inolaz sartu. Ez da egokia Europak hartu duen bidea errefuxiatuentzat.
Etxera itzultzea gogorra izan da?
Nati: Kanpalekuan eguneroko lanean murgilduta geunden, kaosean murgilduta. Han betidanik bizi ginela zirudien. Ni lasaiago nengoen itzuli nintzenean. Idomeni desmuntatu zenetik apur bat obsesiboki begiratzen ditut argazkiak, guk ezagutu dugun jendea ikusi nahian beste kanpalekuetako irudietan. Jakin badakigu 4.000 pertsona ez direla joan kanpaleku militarretara. Batzuk ondoko gasolindegietara joan dira eta beste batzuk noraezean daude, Grezian harrapatuta. Atzo berri ona izan genuen, gure inguruan zebilen ume bat ondo kanpalekuan ikusi zuten. Hurbiletik errealitate hori ezagututa, albisteak iritsi ahala, geroz eta amorru gehiago sentitzen dugu. Kanpaleku batean egon behar badute ezin dute itxita egon, irten gabe; errefuxiatuen kanpaleku horiek Europan ezin dira onartu.
Errefuxiatuen auzia luzatzen eta larritzen ari da. Zein irtenbide ikusten diozue?
Adela: Kanpalekuaren desmuntatzeak sentimendu kontrajarriak eragin dizkit. Batetik, kanpalekuak zulo beltzak direlako. Astebetez kanpalekuan bizitzea gauza bat da, baina hilabateak egoteak itxaropena murriztu eta barne bizitza zaildu baino ez du egiten. Bestetik, militarrek zuzendutako kanpalekuetan argi ikusi dugu errefuxituak isolatuta daudela, gehienetan giza eskubideak eta bizitza baldintzak ez direla bermatzen. 55.000 errefuxiatuk asiloa behar dute. Gure lana kanpalekuetako egoera salatzea eta asilo babea eskatzea da. Bestela errefuxiatuak gaizkile bezala tratatzen ditugula dirudi eta mehatxu bezala, eta hori arrazakeria da.
Euskal Herriko agintari eta arduradunek nola erantzun dute?
Eusko Jaurlaritzak, Aldundiek eta Udalek oso jarrera erosoa hartu dute. ‘Gu errefuxiatuekin gaude’ diote, ‘baina ez digutenez uzten ezin dugu mugitu’. Eta hori ez da egia. Presionatu egin behar dute mugak zabaltzeko.
Euskal herritarrek agintariek baino hobeto erantzun dute?
Denetik dago. ‘Hona ez daitezela etorri’ edota ‘hemen zer egingo dute’ pentsatzen duten asko dago gure artean. Buelta eman behar zaio pentsaera horri, zeren jendeak irizpide hori badu gure gobernariak eroso sentitzen dira. Nolabait babestuta. Guretzat nahi genukeen asilo babesa ezin zaio inori ukatu. Sentsibilizazio kanpainak behar dira, asilo baimenak, baina legedia konplexua da, eta horretaz baliatzen dira. Asilo politikaren aldaketa herriak bultzatu behar du, argi azaldu behar dugu gure ondoan nahi ditugun edo ez ditugun nahi.
Nolako laguntza eman dute herritarrek?
Adela: Laguntza materialera mugatu da. Arropa, jostailuak, janaria ematera… eta hori garrantzitsua da, baina gu han konturatu gara errefuxiatuek hurbiltasuna eskatzen dutela, ezagutu ditzagula, beraien eskaera entzun dezagula, eta asilo eskubidea besterik ez dute eskatzen. Nazioarteak babestu behar ditu euren giza eskubideak. Hori beste pauso bat ematea da, eta pauso hori emateko argitasun gehiegi ez dago.
Nola lagun dezakegu euskal herritarrok?
Nati: Laguntza fisikoa kanpalekuetan eta inguruetan beharrezkoa da, baina badago lan garrantzitsu bat egiteko albisteen zabalpenean. Idomeni desmuntatu zuten egunean Espainiak 20 errefuxiatu hartu zituen. Informazio larria zen 8.000 lagun ari baitziren Europan kanporatzen. Zer dira 8.000 pertsona 20ren ondoan? Jendeak konturatu behar du ez dela albistegietan soilik agertzen den urrutiko arazoa. Hori da Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformaren helburu nagusia. Salaketa egitea eta salaketaren bitartez irtenbide politikoa bultzatzea. Uztailean Euskal Herritik prestatzen ari den karabana bat Greziara joango da; salaketa karabana izan nahi du. Batzuk han geratuko dira laguntzen. Karabanaren helburu nagusia Europa zeharkatzea da errefuxiatuen egoera salatzeko. Greziako lantaldeekin bat egingo du Tesalonikan, No Borders 2016 ekimenean. Kontua ez da ahalik eta arropa gehien bidaltzea baizik eta ahalik eta indar gehien egitea errefuxiatuen eskubideen urraketarekin amaitzeko. Horregatik astelehenero irteten gara Plaza Biribilera 19:00etan. Ekainaren 20rako, errefuxiatuen eguna, ekitaldi garrantzitsua prestatzen ari gara, isiltasun zirkuluak sortzen hasi dira, herrietan plataformak sortzen hasi dira, balkoietan banderolak jartzeari ere ekin diogu... Modu asko daude gertatzen ari denarekin konforme ez gaudela adierazteko.
Euskaldunak errefuxiatuak izan ginen ez oso aspaldi.
Nati: Nire ama guda garaiko errefuxiatua izan zen. Ahaztu egin zaigu errefuxiatuak izan ginela eta izan gintezkeela. Siria eta gainerako lekuak ez dira hain herrialde ezberdinak gurearekin alderatuz. Pertsonak pertsonak gara bazter guztietan. Ni ere haietako bat izan nintekeela sentitu dut Idomenin.
Adela: Gerratik ihesi datozen pertsonak dira heriotza baztertu eta bizitzaren alde egin dutenak. Ematen zaien arretarekin umilatzen ari gara. Norbere duintasuna behin eta berriro zapalduta sentitzen dute egunero ilaraz ilara dabiltzanean norbaitek zerbait emateko zain. Oso eskerronekoak diren arren, amorratuta daude. Ez dute umilazio hori merezi, eta hori ez da eman behar diegun erantzuna.