Aitortu behar dut ezer baino lehen Bilbo Zaharra euskaltegiak urterik urte egiten duen ahalegin erraldoia; ez handia, ez itzela, erraldoia esan nahi dut eta esaten dut, antolatzaileen lana definitzeko orduan.
Urtero aurpegi ezagun eta mediatiko ugari euskaltegiko ikasleekin nahastuta, azken batean horixe delako ekitaldiaren helburua: euskara ikasten ari diren helduei merezi duten omenaldi eta aitormena.
Aurten baina, irakurle guzti-guztien irakurketa entzun ez dudan arren baina bai askorena urtero bezala, aitortu beharrean nago guztiz harrituta geratu nintzela biren interbentzioarekin, harrituta eta gaur esaten den moduan, flipatuta.
Aurreko zortzi edizioetan bezala, aurpegi asko pasa ziren mikrofono eta kameren aurretik ekainaren 9an. Mundu akademikoa, soziala, kulturala, merkataritzakoa eta politikoa. Baita kirol mundukoa ere. Eta denok dakigu kirol mundukoek aparteko irudia dutela gure artean, batzuetan idolo izateraino heltzen direnak. Holako pertsonaiek euskaraz irakurtzen ikustea onuragarria da guztiz gure hizkuntzaren prestigiorako, zalantzarik ez dago eta bakoitza saiatzen da egun gutxi lehenago adjudikatutako testua ahalik eta hoberen ahoskatzen.
Neure harridura, baina, goizeko hamaikak aldera piztu zen, harridura pozgarria alde guztietatik begiratuta. Ordu horretan izan baitzen Athletic emakumezkoen txanda -liga txapeldunak bosgarrenez, zorionak- eta beraien izenean Jone Guarrotxena eta Irene Paredes bertaratu ziren. Holakoetan gertatzen da aurpegi famatu bi hurbiltzen direla mikrofonora eta zer esaten duten baino garrantzitsuago gertatzen dela nork hitz egiten duen. Horixe gertatu da aurreko edizio guztietan eta ulergarria da ze euskal literaturatik nahikoa urrunekoa den kirol mundutik datozen ospetsu horiei eskertu egiten zaie batez ere ekitaldian parte hartzea.
Aipatzen ditudan jokalari zurigorrien kasua, ordea, guztiz deferentea izan zen. Bi egun eskas lehenago irabazitako ligaren ospakizunetan murgildutako hogeita gutxi urteko neska biengandik beraien presentzia eta jarrera ona -beste erakunde eta taldeei eskatzen zaien berbera, bide batez esanda- espero genuenean, horixe omen delako oihartzun mediatikoa, Jonek eta Irenek erakustaldia eman ziguten bertan bilduta geunden eta pantaila handitik ikusten ari ziren guztiei.
Bien kasuan, baloitik hain urrun dagoen Franz Kafkaren testua hain ondo irakurri zuten, hain modulazio ederrez eta erritmo hain egokiz ze pentsatu genuen literaturazko aditu biren aurrean ginela. Jone atezainaren ezkerreko orkatila zaurituak eta Ireneren erdiko erdilariaren kirol zapatek gogoratu ziguten futbolariak zirela eta horregatik zeudela mikrofonoaren aurrean.
Egia esanda, hain ondo irakurri zuten bakoitzari zegokion zatia ze Franz Kafka ulertu egin genuen entzule ginenok, erraz gainera. Harrituta utzi gintuzten, benetan. Ordu gutxi lehenago urte luzeen ondoren merezitako titulua ospatzen ibili zirenek zelan transmititu ziguten Kafka hain modu zuzen eta errazean, zoragarria benetan. Kulturaren mundutik urrun uste genien, oker. Lezioa eman ziguten gazte biek, aldez aurretik behar bezala landu, prestatu eta esandako testuen bidez.
Pozgarria benetan ikustea amets soziolinguistiko teorikoen gainetik neska kirolari arduratsu bien lanak garaitu izana. Ardi izpi indartsua.
Harro zuen ekipoaz, harro zuen garaipenaz eta harro -batez ere- zuen moduko goi mailako kirolari euskaldunez.
Testua: Jose Joakin Gallastegi / Begoña-Bilbao