Programazinoaren barruan, kaleko antzerkia, zirkua, clowna, jantzea eta akrobaziak dagoz, Bilboko Udalak aurreratu dauenez. Dagoeneko 17. edizinoa beteko dau Kalealdiak eta kaleko arte eszenikoetan erreferente dala azpimarratu dau Nekane Alonso Kultura zinegotziak. Kalidadezko egitaraua bilatu dabe eta, horretarako, euskal konpainien produkzino barrienak eta kanpoko talde entzutetsuak batuko dira Bilbon.
Lehenik eta behin, bagilaren 27an Lurrak ikuskizuna estreinauko dabe Arriaga plazan, 22:30ean. Gasteizko eta Bilboko udalek alkarlanean produzidutako emonaldia da Lurrak, euskal zirku garaikidearen barruko piezea sortzeko asmoz. Gasteizko Kaldearte jaialdian izan zan lehenengo estreinaldia eta, Bilbokoa, bigarren estreinalditzat jo dabe. Arte eszenikoaren alde dogun jarrerearen erakusgarri da ikuskizun hau, adierazo dau Pedro Ormazabal Kalealdiko zuzendari artistikoak.
Era berean, euskal konpainia ugarik euren lan barrienak erakutsiko ditue Bilbon. Kukai eta Tanttakaren arteko alkarlanetik sortu da, esaterako, Hazipenen pozak, antzerkia eta jantzea batzen dituan emonaldia. Bagilaren 28an emongo dabe, Arriaga plazan, 22:30ean. Malas Compañias, Markeliñe, Marie de Jongh, Pez Limbo, Garazi Pascual eta Ivan Gonzalez izango dira beste euskal ordezkariak Kalealdian.
Kanpoko artistei jagokenez, Frantziatik datozanak nabarmendu ditu Pedro Ormazabalek. Kadabresky konpainiak L´effet escargot ekarriko dau Bilbora, garagarrilaren 1ean eta 2an, Areatzako moilan. Cirque Rouages-ek, ostera, Sodade antzeztuko dau, hil horren 2an, Arriaga plazan. Frantziako beste konpainia batzuk eta Belgika, Espainia zein Suitzatik etorritakoak be ez dira faltauko Bilbon.
Casilda Iturrizar parkean zirkuko karpea ipiniko dabe eta horko emonaldiak ikusteko hiru euroko sarrerea pagau beharko da. Ganerako lekuetan (Arriagan, Plaza Barrian, Areatzan...) dobakoak izango dira ikuskizunak. Umeentzako zirku tailerrak antolatuko ditue, ganera. Aukera parebakoa izango da, umeek zirkuaren ingurukoak ezagutu daiezen, azaldu dau Nekane Alonso zinegotziak.
Kalealdiak kaleko arte eszenikoen inguruan hileotan martxan egon dan zikloa zarratuko dau Bilbon. Txurdinaga eta Otxarkoagako magia topaketak izan ziran lehenengo, gero Zorrotzako clown jaialdia eta Errekaldeko Zirkualde. Eskaintzea biribiltzeko, bertoko eta kanpoko 28 konpainiaren topaleku izango da Kalealdia, uriaren erdigunean.
Nekane Alonso zinegotziak azaldu dauenez, publikoaren gustuko obrak ekarten ahalengintzen dira baina, era berean, euskal konpainien lana bultzatu eta zabaltzeko tresnea be bada Kalealdia. Ganeratu dauenez, urte askotako apustua egin dogu eta ezinbesteko hitzordu bihurtu da Kalealdia.