Agur eta ohore, Yolanda Rojas

Alberto Garro, Ziortza-Bolibarko alkatea 2016ko eka. 15a, 09:00
Argazkia: sortu.eus

Yolanda Adela Rojas Urbinaren, Bilbon bizi zen Venezuelako kontsularen, heriotzaren (ekainaren 7an) aurrean Ziortza-Bolibarko Udalak doluminak eman nahi dizkie bere familiari, kontsulatuari eta Venezuelako herriari.

Yolanda ideia argiak zituen pertsona zen eta oso ongi ezagutzen zuen pentsamendu bolibarianoak Latinoamerikarentzat izan zuen garrantzia. Berdintasun sozialaren aldeko borrokan sinisten zuen, menderatuak zeuden herrien burujabetzan, eta beti gizarte-maila xume eta babesgabeen alde azaltzen zen.

Ziortza-Bolibar gure herriarekiko maitasun berezia adierazten zuen eta urtero bisitatzen gintuen Askatzailearen jaiotzaren ospakizunean parte hartzeko asmoz. Bolibar izena askatasun pentsamendu bati lotua dago eta horren sustraien parte garela ikustea harro egoteko modukoa da.

Beraz, Ziortza-Bolibarko udaletik esker ona azaldu nahi diogu egin duen lanari eta espero dugu pentsamendu bolibariano horrek Venezuelako herrian, herri latinoan eta mundu osoan luzaroan irautea, bere edukiak ez baitira iraungitzen.

Agur eta ohore, Yolanda Rojas.

 

Testua: Alberto Garro, Ziortza-Bolibarko alkatea

 

[2016-06-08] Yolanda Rojas zendu da, Venezuelako kontsula Bilbon