Otxarkoagako Joseba Ruiz Golvanos Farmazia izan da Arteshop 2016ko irabazlea

uriola.eus 2016ko eka. 16a, 08:51

Hiriko merkataritza sormenez eta talentuz bete ostean, Arteshop Bilbao ekimenaren VI. edizioak baditu irabazleak: Joseba Ruiz Govano Farmazia, Ixone Gulinen obrarekin; TR3LAND, Jose David Romeroren lanarekin, eta Deusto Moto Center, Cristina Fernandezen proposamenarekin. 

Herritarrek ere euren lanik gogokoena aukeratu dute; hala, Publikoaren Saria Pinturas y Drogasek jaso du, Maria Aparicio Villanuevaren sorkuntza hartu duena. Udalak, Euskal Herriko Unibertsitateak eta Bilbao Fundazioak sustatu dute ekimena. Ekimen horri esker hiriko merkataritza dinamizatu eta sustatu da, Arte Ederren Fakultateko 75 ikasleren obrak hiribilduko beste hainbeste establezimendutan ikusgai jarriz.

2016ko Arteshop Bilbao ekimenaren sari-banaketa Erriberako Merkatuan egin zen atzo, 20:30ean. Bertan izan ziren Garapen Ekonomiko, Merkataritza eta Enplegu Saileko zinegotzia, Xabier Ochandiano; Bilbao Arte Fundazioko zuzendaria, Juan Zapater; eta EHUko Arte Ederren Fakultateko dekanoa, Arantza Lauzirika.

Ekimenak establezimendu eta artista gazteei merezitako aintzatespena emateko balio izan zuen, eta hiriko merkataritzako eta artearen munduko hainbat ordezkari bildu zituen, bai eta Arte Ederren Fakultateko ikasleak ere.

Ixone Gulin artistak egindako 'Tejer comunidad' obra izan da aurtengo irabazlea eta 1.200 euroko saria jaso du. Bigarren saria, 900 eurokoa, 'Mantra 3D Sound Box'-ri egokitu zaio, Jose David Romero 'Izen-abizenak'-(e)k diseinatutakoa. Hirugarren saria, 600 eurokoa, 'Consumidos de curiosidad, se dorbordaron los ojos de las estrellas'-ek jaso du, Cristina Fernandezen sorkuntzak. 

Publikoaren Saria Arteshop saltokiak bisitatu dituztenek hautatu dute, telefono bidez bozkatuz, eta Maria Aparicio Villanuevaren 'Izkutukoak' lanak irabazi du. Publikoaren Saria jasotzeak 450 euro eskuratzea dakar.

Merkataritzaren dinamizazioa eta sustapena

Ekimen honekin Udalaren helburua hiriko merkataritza-jarduera sustatzea eta ikusaraztea da eta, hala, berez interesgarriak diren gure saltokiei balio erantsia eskaintzea, berrikuntza eta sormena uztartzen dituen ekimen baten bidez. Gainera, Arte Ederren Fakultateko ikasleek saltokietan jarri dituzten esku-hartze artistikoei esker, etorkizunean artearen munduan joera markatuko duten artista berrien proposamenak ikusi ahal izan dira.

Arteshop Bilbao ekimenak seigarren edizioa du aurten, eta oraingo honetan Bilbao Ekintzak hautatutako 75 saltokik EHUko Arte Ederren Fakultateak aukeratutako 75 ikasleren artelan berriak, hitzordu honetarako ex profeso sortutakoak, erakutsi dituzte ekainaren 6tik 20ra. Lan honetarako, ikasleek Bilbao Arte Fundazioko 10 artisten tutoretza izan dute, eta horiek ere artelanak prestatu dituzte hiriko bi eraikin enblematikotan, Erriberako Merkatuan eta Terminus Eraikinaren Turismo Bulegoan, ikusgai jartzeko.

Epaimahaia eta sariak

Atzoko sari-banaketari ekin aurretik, hiru erakunde sustatzaileen ordezkariek (Bilbao Ekintza, EHU eta Bilbao Arte Fundazioa) hamar proiektu onenak aukeratu zituzten. Artearen eta merkataritzaren alorretan ospe handia duen epaimahai batek egin zuen azken aukeraketa eta hiru lan sarituak izendatu zituen. Epaimahaia ondorengo hauek osatu dute: Arantza Lauzirika, EHUko Arte Ederren Fakultateko dekanoa; Manuel Cirauqui, Guggenheim Bilbao Museoko zaintzailea; Eugenia Griffero, Aldama-Fabre arte-galeriako kidea; Iñaki Larrimbe, diziplina anitzeko artista; Joserra Alvarez, Bilboko Merkataritza Ganberaren Komunikazioko zuzendaria, eta Andoni Ruiz, Bilbao Dendak elkarteko merkataritzako teknikaria.

Publikoaren Sariak Arteshopen parte hartzeko eta inplikatzeko bidea ematen die herritarrei eta, aldi berean, EHUko Arte Ederren Fakultateko ikasleen eta saltokien lan bateratua aintzatesteko aipamena da. Halaber, Bilboko merkataritzaren kalitatezko eskaintza herritarren artean ezagutzera emateko balio izan du.

Arteshop, ikasleen eta saltokien agendetako mugarria 

Merkatarien, artisten eta Arte Ederretako ikasleen agendetan dagoneko mugarri nabarmen bilakatu da Arteshop Bilbao. EHUko Arte Ederren Fakultatean hitzordu honetan parte hartzeko interesa erakutsi duten ikasle edo ikasle-taldeen 110 eskaera jaso dira. Saltokiei dagokienez, oinarrietan ezarritako irizpideak betetzen zituzten saltokiak aukeratu zituen Bilbao Ekintzak, eta horietatik, izena eman zuten lehenengo 75 establezimenduek hartu dute parte. Bilbao Arte Fundazioak ikasleen tutore izan diren hamar artista aukeratu zituen, aurkeztutako hogeita hamar eskabideetatik.

Bilbao Ekintzak 400 euroko diru-laguntza eman die ekimenean parte hartu duten Arte Ederren Fakultateko ikasleei; Bilbao Arteko artistei dagokienez, diru-laguntza 600 eurokoa izan da, proiektua ekoizteko eta garatzeko gastuen kontzeptu gisa.

Ibilbide gidatuen arrakasta

Bigarren urtez jarraian, Arteshop Bilbao 2016 egitasmoaren erakusketa-fasean zehar merkataritza-saltokiak bisitatzeko doako ibilbide gidatuak antolatu dira, eta parte-hartzeari dagokionez arrakasta handia izan dute. Horiei esker, ekimenean parte hartu duten artelanak eta saltokiak gertuagotik ezagutzeko aukera izan dute herritarrek. Merkataritza ibilbideetan parte hartu dutenen artean 50 euroko hogei sari zozketatu dira, programan parte hartzen duten saltokietan erabiltzeko.