Erleen eta liztorren erlauntzeak kentzeko protokoloa abian da

uriola.eus 2016ko eka. 16a, 13:52
ceambientalblog.blogspot.com

'Vespa Velutina' izeneko asiar liztorraren inbasioak eragindako alarma egoeraren aurrean, esku-hartzeko protokoloa antolatu du Bilbok. Egoera honek suhiltzaileen esku-hartzeen gorakada nabarmena eragin zuen 2015ean.

Hala, urtebeteko epean, erlauntz eta liztor-multzoak kentzeko irteerek %191,9 gorakada izan dute; 2014an 159 eta 2015ean 464. Hori dela eta, bero-boladak eta eguraldi ona heltzearekin batera –eguraldi horrek horrelako espezieak ugaltzen ditu- Udalak esku-hartzeko prozedura espezifikoa indarrean jarri du, arlo honetan era koordinatu eta eraginkorrean lan egiteko.

Hala, Udalak telefono-zenbaki bat ipini du herritarrek Bilbon erletxeak edo liztor-multzoak nabarmentzen dituztenean abisua emateko: 94 410 56 52.

'Vespa velutina' edo asiar liztorra izenarekin ezagutzen den espezieak egokitzeko eta ugaltzeko duen gaitasunak sortutako kezka nabaria da baina berez, ez dakar pertsonen osasunerako berehalako arriskurik, norberak bakarrik kendu nahi dituenean izan ezik. Hala ez egitea gomendatu dute, bai aurreko horiei dagokienez bai liztor arrunten kasuan ere, erreakzio alergikoak edo istripuak eragin ditzakeelako.

Hala, zuhurtziaz jokatzeko eta horrelako kabiak ikusitakoan haien berri emateko deia luzatu die Udalak herritarrei.

Esku hartzeko prozedura berezitu bi daude, bakoitza bere urratsekin 

Bilboko Suhiltzaileen Komunikazio Zentroa arduratuko da erlauntzeak edo liztor kabiak daudenean -kasu bakoitzean prozedura desberdinak erabilita- abisuak jasotzeaz eta hasiera batean emandako datuak erregistratuko ditu: kokapena, sarbidea, tamaina...

Ondoren, suhiltzaile-talde bat bertaratuko da informazio hori baloratu eta egiaztatzera. Era berean, horiek hartzeko edo erlauntzeak kentzeko erabili beharreko metodoa erabakiko du (behar izanez gero, adibidez, auto-eskailera erabiliko dute kabia 4 metrotik gora baldin badago edo bestela, talde arrunt batek egin dezakeen). Normalean suhiltzaileek esku hartuko dute, betiere Banakako Babes Ekipoa jantzita (buzoa, botak, eskularruak eta eskafandra) eta segurtasun-neurriak hartuta, hau da, ingurune hartan balizak eta babesak ipinita, beste inor sartzeko aukera eragotzita.

Halaber, bertara sartzeko zailtasun edo ezintasunarengatik intsektu-multzoa jaso edo ezabatu ezin denean (adibidez hiriguneetan edo arbolen goialdean kokatuta daudenetan), Bilboko Suhiltzaileek Udalaren Parke eta Lorategien Atalaren laguntza eskatuko dute, horretarako talde berezia dauka eta. 

Kasu honetan, zuhaitzak igotzeko teknika erabili beharko litzateke, tamaina handiko zuhaitzetan adarrak inausteko eta eramateko ere erabilitakoa. Eskaladan ezagutza handia duen espezialista batek egingo du lan hori, kirol praktikan erabiltzen denaren antzeko materiala erabilita: arnesak eta segurtasun-sokak, Banakako Babes Ekipoarekin batera. Gainera, gutxienez behargin bik egon behar dute zuhaitzaren oinean, materiala igotzen eta kabia jaisten laguntzeko. Teknika honen bitartez, 25 metrotaraino dauden kabietara heldu eta kendu daitezke.