Mugimendua airean lantzeko tailerra antolatu du Bilboko Kalealdiak

uriola.eus 2016ko eka. 17a, 08:38

Bilboko Kalealdiak, Kaleko Antzerki eta Arteen jaialdiak, mugimendua airean lantzeko tailerra antolatu du Santander eta Bilboko hirietako zirkuko profesionalentzat. Elodie Doñaque dantzari, trapezista eta koreografoa izango da irakaslea. 

Tailerra ekainaren 27an hasi eta 29an bukatuko da, 10:00etatik 14:00ak arte. Hamabost plaza daude libre ikastarorako eta doakoa bada ere, parte-hartzaileek 50 euroko fidantza jarri beharko dute; ikastaroa bukatzean dirua itzuliko zaie. Zirkoaurren izango da tailerra, Deustuko Erriberan.

Ikastaroak artistaren gorputza askatzea eta kontzientziatzea izango du helburu; horretarako,  klaseak aldi bitan eratuko dira: batetik, dantza klase bat, hainbat gai lantzeko: pisua, bultzada, arnasketa, espiralak, mugimenduaren jarraitutasuna eta jariakortasuna, erritmoa eta musikaltasuna eta espazioaren eta objektuaren arteko harremana. Eta bestetik, aireko aparatuen gaineko lana, aurreko klasean landutakoa oinarri hartuta.

Elodie Doñaque, dantzaria, trapezista eta koreografoa

Elodie Doñaquek (Venezuela, 1979), Frantziako Tolosako “Le Lido” eskolan ikasi zuen eta gaur egungo dantzan sakondu zuen Tolosako Centre de Développement Chorégraphique-n, eta koreografian Amsterdameko (Holanda) School for New Dance Development eskolan. Hainbat konpainiatan aritu ondoren, 2009an Le Cardage Cirque Chorégraphique bere konpainia sortu zuen, Bruselan (Belgika). Bertan, dantza eta zirkua uztartzen ditu. 2004tik irakaslea eta aireko koreografoa da zenbait eskola eta konpainiatan eta, trapezista modura, modu organikoago batean lan egiteko metodo bat garatu du.